Garrafa jaia izotzaren herrian

Ardo zuria, ura, brandya, azukrea eta limoi zukua. Horiek dira Orozkon garrafa edo izotz edari esaten zaion eta tradizio handia duen edariaren osagaiak. Sekretua, ordea, edariari izena ematen dion tresna da: garrafa, hain zuzen ere. Tradizio handia du elementu horrek bertan eta inguruko herrietan. Horren seinale, joan den domekan herrian egin zuten garrafa lehiaketa: 48 partaide aurkeztu ziren. Umeek beste zazpi-zortzi egin zituzten —alkoholik gabe—, eta izozkiak egiteko sei garrafa ere egon ziren.

Zer da, baina, garrafa bat, eta nola funtzionatzen du? Niko Astobiza Orozkoko Garrafa kultur elkarteko kideak erantzun dio galdera horri, argi erantzun ere: “Biradera bat dauka; kanpoko aldea, normalean, egurrezkoa da; barruan metalezko ontzi bat du, eta hor barruan sartzen dira edaria egiteko osagaiak. Barruko ontziaren eta kanpokoaren artean, izotza eta gatza jartzen dira. Horixe da, hain zuzen, gailu horren sekretua: nahaste kriogenikoa”.

Garrafa edo izotz edari hori behar bezalakoa izan dadin laguntzen dute izotzak eta gatzak. “Gatzak izotza urtzen du, eta urtuta geratzen den horrek zero azpitik 20 graduko tenperatua hartzen du. Hotz horrek ontzi barruko edaria hoztu, izoztu egiten du”.

Edariak zapore berezia hartzen du gailu horietan. “Berezitasuna ematen dio garrafak. Osagai guztiak ondo nahasten laguntzen du, eta lehenengo zurrutadatik azkenera zapore bera dauka. Aldiz, taberna batera baldin bazoaz eta, esaterako, ginkas bat eskatzen baduzu, izotza botatzen dizute barrura. Lehenengo zurrutadak izaten dira gozoenak. Azken aldera, ordea, izotza urtu egiten denez, ez da horren gozo geratzen. Honek, ordea, izoztutako puntu hori ematen dio edariari, eta oso gozo geratzen da”, azaldu du Astobizak.

Eta garrafa gozoak egiten jakiteko esperientzia aspaldi hartu zuten Orozkon. Izan ere, edari eta tresna mota horri buruz jasota dagoen lehenengo erreferentzia 1850ekoa da: Leipzigeko (Alemania) irakasle batek urte hartan Gorbeia ikusteko egin zuen bidaia batekoa. “Orozkotik igo zen, eta izoztegi handi bat ikustera joan zen”, azaldu du Garrafa kultur elkarteko kideak. Edari hari garai hartan limonada esaten ziotela gogora ekarri, eta erreferentziak zer jasotzen duen adierazi du: “Hegoaldeko herrietan horrenbeste dastatzen duten limonada“.

Alemaniako irakasle hark ikusi zituen izoztegien antzekoak “asko” zeuden antzina. “Leize edo leku hotzetan egiten ziren. Neguko elurra zapalduta gordetzen zuten bertan. Izan ere, botatzen duen elurra zapalduz gero, izoztuta geratzen da. Sistema hori erabilita, leize handi batean izotz geruzak gordetzen zituzten. Uda aldera, leizera joan eta izotz blokeak moztu eta gurdietan edota zaldiekin eramaten zituzten herrira”, gogorarazi du Astobizak.

Euskal Herriko elurzulorik handiena Orozkon bertan dagoela adierazi du, gainera: Zaratate-Neberabarrikoa. Eta bertatik eramaten zuten izotza Bizkai osora, “baita Bilbora ere”. Izotzarena garai hartan “negozioa” zela azaldu du orozkoarrak, udalerriko aurrekontuen hiru laurdenak bertatik ateratzen zituztela gogora ekarrita.

Limonada prestatzen maisu

Eta, besteak beste, izotz hari esker maisu bihurtu ziren limonada prestatzen. Bizkaiko Historia liburuaren 1885eko erreferentzia batean honela jasota dago: “Orozko haranean jaiotakoak maisuak dira limonada deritzona prestatzen”. XX. mendearen erdialdetik aurrera, garrafetan egiten zen edariak gailuaren beraren izena hartu zuen, limonada berba alde batera utzita.

Ohiturari jarraituz, domekako lehiaketan aurtengo garrafa egile onenak aukeratu zituzten. Lehenengo saria Arkaitz Gerrerok eskuratu zuen; bigarren lekuan, Asier Aramendi geratu zen; hirugarren, Susana Valencia eta Maite Alonsok osatutako bikotea aukeratu zuen epaimahaiak.

Garrafa onena egiteko sekretua begi bistakoa dela azaldu du Astobizak: “Granizatuak txukun egon behar du: ez gogorregi, ez lar likido”. Zaporeari dagokionez, “osagai guztiek ondo bat eginda egon behar dute. Ez da sentitu behar osagaietako bat bestearen gainetik”. Domekako garrafak puntuan zeuden, itxuraz, bertaratu ziren herritarrek prestatutako guzti-guztia bukatu zuten-eta.