Bilboko Udalak %2,5 igoko ditu hiriburuko zergak datorren urtetik aurrera. Bigarren urtez jarraian ezarriko du, beraz, udalak igoera hori. Iñaki Azkuna buru duen administrazioak azaldu duenez, “zergen eguneratze bigun baten” alde egin dute, “egungo egoera ekonomiko larriaren ondorioz zergak biltzeko gero eta behar handiagoak izan arren”.
Batez besteko horren gainetik garestituko diren zenbait zerbitzu ere badaude, hala ere. Hain zuzen, udal garabiak ibilgailuak jasotzeko zerbitzua %10 gares-tituko da. Udal gainbalioaren tasa %14,38 igoko da, Bizkaiko gainerako udalerrietara eta Donostiak eta Gasteizek duten mailara egokitzeko. Musika irakaskuntzako zerbitzuei dagokienez,%8,20 igoko dira prezioak, gainontzeko udalerrien parean jartzeko.
Era berean, hileta zerbitzuengatik ordaintzen diren tasetarako %4,5eko igoera erabaki du udalak, tarifak merkatuko prezioetara egokitzeko. Igoera horrek, ordea, nagusiki sektoreko enpresei eragingo diela azaldu dute.
Kultur eskaintzan eta kiroldegietako zerbitzuetan ere eragina izango du neurriak, hein handi batean BEZaren igoerak eraginda. Adibidez, kirol eta kultura arloei dagokien BEZa %8tik %21era igo du Espainiako Gobernuak. Hala, sarrerak eta tasak igo dituzte Bilbao Kirolak, Arriaga antzokiak eta Alondegiaren pareko erakundeek .