Atmosferak badaki ohiturak aldatzen

Euskal Herri osoan ohi baino askoz euri gutxiago egin du. Bizkai berdea beilegi bihurtu da. Jose Antonio Aranda Euskalmet Euskal Meteorologia Agentziako arduradunak datu bidez azaldu du prezipitazio gabezia hori: “Batez beste, abuztuan metro koadroko bost litro baino ez ditugu neurtu Bizkaiko gure estazio meteorologikoetan. Adibidez, Derion ere metro koadroko sei litro jaso dira hilabete osoan, eta Deustua [Bilbo] ez da maila horretara iritsi”. Azken hiru urteetako joera da normalean baino euri gutxiago egitea, baina aurten egoera larritu egin dela aitortu du.

Urtarriletik hona, apirila izan ezik, beste hilabete guztiak ohi baino lehorragoak izan dira. Orduan egin zuen normalean baino euri gehiago. “Abuztua, gainera, azken 50 urteetako lehorrena izan da”, ohartarazi du. Arestian aipatutako prezipitazio bilketa urriek hori frogatzen dutela dio. Eta zenbat eta hegoalderago jo, euri eskasia nabarmenagoa izan da. “Nahiz eta han ere sufritu duten, Bizkaian kostaldea izan da lehorteak gutxien zigortu duen ingurua. Batez ere, Bermeo, Bakio, Gernika inguru hori”. Hala ere, euria eskuzabalen izan duten eskualde horretan Busturialdeko Ur Partzuergoak urik gabe geratzeko arriskuaren aurrean neurriak hartu behar izan zituen abuztu erdialdera. Erabaki zuen hondartzako dutxa bakarra egongo dela martxan, eta kide dituen udalei euren herrietan loreak eta ortuak ureztatzeko debekua ezartzeko eskatu zien.

Arandaren esanetan, azaleko iturburuek une honetan duten egoera larriaz ohartarazten du Busturialdean gertatu denak. “Sakon ez dauden iturburuek hilabete gutxiko gordailua izaten dute; apiriletik hona ia ez du euririk egin, eta, ondorioz, bete diren baino gehiago eskatu diegu”. Gainera, uda sasoian beti egiten du gora uraren erabilerak, eta lehortearekin gehiago, ortuak ureztatu beharra egon baita.

Egoera normaltzeko, ohikotzeko, euri asko egin beharko luke. Arandaren esanetan, 90 litro botata ere oso euri gutxi iritsiko litzateke ibaietara. Alegia, euri hori ez litzateke baliagarritzat hartuko. “Mesede egingo lieke larreei eta landareei, baina euri baliagarria ibaietara iristen dena da. Metro koadro batean 90 litro euri eginda ere ibaietara ezer gutxi iristeak lurraren lehortasuna zenbaterainokoa den erakusten du”. Eta euri hori lasai egin beharko luke, eguneko 20 edo 30 litro isuriz, etenik gabe. Dena den, Euskalmeteko aro igarleek ez dute euri askorik ikusten epe laburrera; beraz, itxaron egin beharko dela dio Arandak.

Uda igaro berritan, itsasoko ura oraindik bero dagoela, udazkeneko lehen aire hotz masak iristen dira Euskal Herrira. Aurten ere hala gertatuko den esperantza dauka: egoera horrek euria ekarriko luke, eta neguan ez genuke lehorteaz hitz egingo.

Jazotakoaren zergatia Azoreetako antizikloi ezagunean aurkitu du Euskalmeteko arduradunak. “Ohi baino hegoalderago egon da, eta Britainiar uharteen hego-ekialdean aspaldidanik borraska bat izan dute etengabean. Ezin daiteke esan halakorik inoiz gertatu ez denik, gertatu baita, baina ez da normalena. Horrek eragin du aldaketa. Euskal Herriko uda sasoian normalena ipar-ekialdeko haizeak jotzea dela gogorarazi du, “haize frantsesa deitzen dutena baserritarrek, eguraldi sanoa dakarrena”. Aurten, ordea, oso gutxi izan da haize horretatik, antizikloiaren kokapen aldaketak hegokoa ekarri duelako. “Hego haizeak udan tenperaturen muturreko igoera eragiten du”.

Ondorioz, abuztuan bi beroaldi izan dira. Abuztuaren 8tik 10era bitartean izan zen latzena. “Euskalmetek inoiz neurtu dituen tenperatura altuenak neurtu ziren egun horietan. Bigarren beroaldia leunagoa izan arren, merkurioa ez zelako hain gora igo, egun gehiagoz sufritu behar izan genuen”. Arandak dio, zorionez, uda sasoian Euskal Herrian hego haizea urria izaten dela. “Bestela sarri iritsiko ginateke, aurten bezala, 40 graduko tenperaturak neurtzera”.

Udazkenean, ordea, ohikoa izaten da, bereziki urrian. “Galizia aldetik sartzen dira borraskak; hona haizea mesetatik sartzen da, lehorra eta beroa. Espero dut hori gertatu orduko euri dezente egitea. Izan ere, inguru honetan garai horretan izaten da sute arrisku handiena”. Beraz, komeni da irailean euria gogotik egitea, lurra behar beste bustitzea eta landarediak hezetasuna berreskuratzea.