Madariaga dorretxea, iragana eta etorkizunaren arteko zubi

2008tik Euskadiko Biodibertsitatearen Zentroa biltzen du Busturiko Madariaga Dorretxeak. Hala ere, mendeetan funtzio ugari bete ditu. Iturri historikoen arabera, XV. mendea baino lehen eraiki zen; hortaz, bandoen gerretan defentsa azpiegitura gisa erabili zen. Izan ere, eskualde osoa eta itsasadarreko sarrera kontrolatzeko kokaleku aproposa du dorretxeak, muino baten tontorrean baitago. Horrez gain, Gaztelako errege-erreginek foruak zin egiteko Bilbotik Bermeora egiten zuten ibilbidearen parte zen. XVIII. mendean dorretxera atxikita dagoen jauregia eraiki zen. Horren ostean, dorretxearen alboan dagoen Erlojuaren Dorrea jaso zen, eredu neoklasikoari jarraituz.