Alfredo Espinosa Oribe (Bilbo, 1903 – Gasteiz, 1937) Eusko Jaurlaritzako lehenengo Osasun sailburuaren bizitzari buruzko erakusketa dago ikusgai Bilboko Basurtu ospitaleko kontsultategien sarreran. Ordena kronologikoari jarraiki, Espinosaren bizitzari gainbegiratua egiten dioten 25 panelek osatzen dute erakusketa. Haren jarduera politikoa ere ez dute alde batera uzten.
Besteak beste, errepublikazaletasun bilbotarrari buruzko historiari eta Espinosak egin zuen lan humanitariorari erreparatu diote. Espinosak berak sortu zuen Euskadiko Gurutze Gorria, eta umeak atzerrira bidaltzeko ebakuazioak ikuskatu zituen. Ondoren, Euskal Herriko Unibertsitateko Medikuntza fakultatea sortzeko lanetan parte hartu zuen. Alor horiek guztiak islatuta agertzen dira erakusketan.
Alfredo Espinosa II. Errepublika garaian euskal errepublikazaletasunaren liderretako bat izan zen. Garai hartan, zinegotzi izan zen Bilboko Udalean, Burgos eta Logroñoko gobernadore zibil gisa ere aritu zen eta lehenengo Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburua izan zen. Erakusketan liberalismo, demokrazia eta errepublikazaletasunarekiko zuen konpromisoa islatzen da.