Gizakiak betidanik izan du lehorra ez ezik, lurra eta airea menderatzeko grina. Hala, uretan zein zeruan ibiltzeko ahaleginak ez dira gutxi. Hegazkinen beharrik barik, asko dira txorien pare zeruan ibiltzea gustuko dutenak. Aske, baina haizearen menpe. Geroz eta gehiago dira parapentean eta antzekoetan ibiltzen direnak. Eta Bizkaian badira leku aproposak horretarako.
Denen artean ezagunena Urduña da. Euskal Herriko ingururik onenetakoa da hegan egiteko, eta baita aitzindaria ere. Lehen kirol hegaldiak han egin ziren. Salvada mendilerroan izaten dute kirolariek hegaldia hasteko abiapuntua. Parapentean, paramotorrean, delta hegalean edo ultra-arinean ibili ohi dira.
Desnibela 620 metro da. Ikuspegiak, zoragarriak. Urduñan hegan egiteko, baina, komeni da haizea orduko 10 eta 20 kilometro artekoa izatea, eta ipar-ekialdetik jotzea. Gutxiago izanez gero, ez dago abiadura hartzeko lekurik; zakarrago ibiliz gero, aireratzean bertikalean azkarregi igotzeko arriskua dago. Lehorreratzeko lekua ere finkatuta dute, Tologorri Parapente Clubaren eta Parapentearen Euskal Eskolaren zelaietan. Beti egoten da horretarako egokituta. Lurreratzerakoan tentuz ibili behar da; batez ere, arratsaldeko azken orduan, haizeak mendebaldetik jotzen baitu. Errepide ondoko mahatsondoei ere erreparatu behar zaie.
Urduñan haize zakarra dagoenetan, Orozko izan daiteke hegan egiteko beste leku aproposa. Garai batean, harako joera handia zuten zaleek, baina azkenaldian utzita egon da. Dena den, berriro ere harako joera nabarmentzen ari da. Orozkoko Santa Marina mendiak ez du Urduñak besteko garaierarik. Gutxi gorabehera, haren erdia da. Horri esker, hegaldi termikoa egin daiteke, baita hegaletik dinamikoa ere, arratsaldeetan. Aireratze erraza dauka, Urduñarekin alderatuz gero. Eta larreak ere prest daude, Orozko bailarara begira. Hala ere, mendiz inguratuta dagoenez, aire zurrunbiloak sor daitezke lurreratzerakoan.
Eguerdian eta arratsalde hasieran egoten dira tenperatura aldetik baldintzarik onenak trantsizio hegaldiak egiteko. Ekialdera begira duen magala ere badauka, eta handik Bizkaiko mendirik garaienerantz egin daiteke hegan: Gorbeiara. Airetik Bizkaiko eta Arabako mendirik garaienak ikusteko aukera eskaintzen du, gainera.
Tontor eta bailaren ordez, hegan egiterakoan azpian ura izan nahi dutenek ere badute aukera. Sopelako Parapente Eskolak Uribe Kostako amildegirik ederrenetan aireratzeko aukera ematen du, itsas txorien pare hegan egiteko. Aurreneko ikastaroak egiten dituzte kostaldea. Motorra duen parapentea erabiltzen dute, eta Barinatxe hondartza gainean izaten dute aireratzeko eta lurreratzeko pista. Eskolako ikasleen artean trebezia gehiago dutenak Bakio, Mungia eta Jatabe artean dagoen Jata mendira joaten dira.