Bizkaiko Foru Aldundia Espainiako Gobernuak onartutako azken murrizketen aurka agertu da. Juan Maria Aburto foru gobernuaren bozeramaileak azaldu duenez, “bidegabeak dira, gizarte, politika eta ekonomia aldetik”. Hala, behargin publikoei Gabonetako paga kentzeko agindua jaso dute, baina langileei kalterik ez eragiteko modua bilatzen dabiltza. Martitzeneko Gobernu Kontseiluak foru aldundiko kargudun politikoei Gabonetako saria kentzea onartu zuen. Neurri horrekin, 200.000 euro aurreztuko lituzke foru ogasunak.
Horrela, foru aldundiak langile publikoei Gabonetako saria kentzea saihestu nahi du. Hala ere, Aburtok honako hau onartu du: “Espainiako Gobernuak horretara behartuz gero, ez genuke beste irtenbiderik izango”. Bitartean, halakorik egin behar ez izateko bideak aztertzen ari dira.
Bizkaiko Foru Aldundiak 3.148 funtzionario ditu —enpresa publikoetako beharginak batuz gero, 4.500 inguru—. Hala, horiei guztiei Gabonetako saria kenduta, foru ogasunak 6 milioi euro aurreztuko lituzke. Aburtoren iritziz, behargin publikoei eskatzen zaiena “gehiegizkoa” da. Horregatik, erretiro aurreratu batzuen bidez eta hutsuneak ez betez 70 lanpostu kentzea onartu zuen foru aldundiak 2012ko aurrekontuetan. “Neurri horrekin, Gabonetako paga kenduta baino askoz diru gehiago aurreztuko dugu”, azaldu du.
Beharginak, tentuz
Foru aldundiko Gobernu Kontseiluak neurri hori onartzen zuen bitartean, beharginak Foru jauregiaren aurreko aldean protestan ibili ziren. Espainiako Gobernuak onartutako murrizketak salatu zituzten, baina Jose Luis Bilbao ahaldun nagusiari ohartarazi zioten haren erabakiak ere gertutik zainduko dituztela. Izan ere, “orain arte, Bilbaok zintzo-zintzo bete ditu Madrildik iritsi zaizkion aginduak”.
Behargin publikoei ez ezik gizarteari oro har eragingo dioten kalteaz hitz egin zuen, denen izenean, Sabin del Badok. “Azken batean, zerbitzu publikoak gutxituko dizkiete herritarrei; hori da larriena”, ohartarazi zuen. Langabezia saria murrizteko eta menpekotasuna dutenen diru laguntzak gutxitzeko erabakiak gogoan, haren esanetan, 20/2012 Errege Lege Dekretuak “beharrizanik handiena duten herritarrei eragiten die kaltea, eta egoerarik zailena dutenei kentzen die babesa”. Azpimarratu zuen BEZaren igoerak ere gogorrago jotzen dituela.