Krisiaren eraginak Bilboko Portuan ere izan du eragina. Hain zuzen, 2012ko lehenengo seihilekoan 13,5 milioi tona salgai igaro dira portutik, iaz garai berean handik pasatu zen kopurua baino %21 gutxiago. Beherakada horren eragile, berriz, Petronorrek eta ArcelorMittalek ekoizpen prozesuetan egindako geldialdiak izan direla arrazoitu du Bilboko Portuko Agintaritzak, prentsa ohar baten bitartez. Hain zuzen ere, Petronorrek 2011ko Eguberri egunetik martxo bukaerara FCC planta itxita izan zuen. ArcelorMittalek, berriz, sei hilabetez izan du Sestaoko lantegia geldi, joan den ekainera bitartean.
Hala ere, Muskizen kokatutako Petronor findegiak eta ArcelorMittal multinazionalak Sestaon duen plantak jarduera normalki jarraitzen badute aurrerantzean, 2012. urtea emaitza positiboekin bukatzea espero du portuko zuzendaritzak. Bi enpresotako ekoizpenaren etenaldia krisiak sortutako egoeraren araberakoa izan dela iritzita, eta jarduerari berriz ekin diotela ikusita, Bilboko portuko ordezkariek uste dute susperraldia urteko bigarren seihilekoan iritsiko dela.
Bestalde, edukiontzi handietan mugitzen den salgai orokorraren joan-etorriak gora egin du urteko lehenego erdialdean, iazko garai berarekin alderatuta. Edukiontzi kopuruak, gainera, %9 egin du gora, eta, ibilgailu zirkulazioak, %10.
Eskuratu dituzten diru sarrerek aurreikusitako inbertsioei aurre egiteko ahalmena ematen dietela azaldu dute Bilboko Portu Agintaritzako ordezkariek. Aipatutako hazkundeak agerian uzten du, iturri berberen arabera, Bilbotik Europa iparraldera egiten den esportazio jarduera. Europa Atlantikoko herrialdeetarako penintsulako atea Bilbodela azaldu dute; bereziki, Erresuma Baturak, Holandarako, Herbehereetarako eta Belgikarako.