Zeanuri dei dakioke herriari. Edota, Zeani gisa, hango hizkeran esaten duten bezala. Arratia ibarraren barrenean dagoen herriak denboraren joan-etorrian gorde ditu hizkuntza eta ohitura zaharrak. Aurrerantzean ere, herri izaera gorde eta bizi-kalitatea goratzea, hori da herritarrek duten etorkizunerako asmoa. Zeanuriko alkate Izaskun Sagarnak, bederen, “herritarrak eroso egongo diren herria” amesten du. “Herriaren nortasunari eustea inportantea da. Denek elkar ezagutzea eta kalean edozeinekin hizketan aritzea ohikoa da hemen. Kaleak garbi eta lasai daude; herritarrak, integratuta. Eta horrelako herri txiki batean euskara atxikitzea ere berebizikoa da”, dio.
2003. urtetik gaurdaino, alkate lanetan dihardu Sagarnak. Gogoan du agintean aritu zen hasierako urte haietan N-240 errepidearen arazoa egonkortzea zuela erronka nagusitzat. Gasteiz eta Bilbo lotzen dituen errepidea Zeanuri erdi-erditik igarotzen zen, harik eta 2002an zirkulazioa aldentzea lortu zuten arte. Hurrengo urtean, alkate izendatu, eta herriko kaleak egokitzeko lanetan hasi ziren. “Kaleak egokitzerakoan, herritar askok uste zuen aparkatzeko toki gutxiago izango zela. Ostalariak ere kexu ziren, saihesbidea eraiki ostean ez ote zen bezero kopurua jaitsiko”. Denbora pasatu ahala, zirkulazio eremua zena txukundu, eta kale lasai eta garbiak berreskuratu ditu Zeanurik. “Herritarrek ikusi dute herriaren egokitzapena onerako izan dela”.
Orain esku artean duten erronkarik handiena, berriz, eskola handitzea da. 130 ume inguru dituzte han, eta eraikina “txiki” geratu zaie. “Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren zerrendetan gaude, handitze prozesua noiz hasiko. Proiektua esku artean dutela esan digute, eta eraikin berria oraingoari atxikita egingo dela”. Lanak hasi bitartean ez dira geldi geratu, baina. Eskola eremuan txarto zegoen lokal bat egokitu, eta aurrerantzean leihoak aldatzeko asmoa dutela adierazi du Sagarnak.
Medikuaren etxea izandako eraikinari dagokionez ere, hobekuntzak egin nahi dituzte. Han biltzen dira ganaduzaleen Gorbeiazpi elkartea eta Zeanuriko ehiza elkartea. Ludoteka ere badago eraikinean, eta, aurki, nerabeentzako gaztetxoko bat kokatzekotan dira. Lehen ere nerabeek bazuten han bildu eta aisialdia jarduerak egiteko aukera. Zenbait arazo izan ostean, berriz, udalak ardura gehiago hartzea erabaki zuen, eta aurki egokituko du txoko berria.
Zeanuri eta Areatza lotzen dituen errepide zaharrean espaloia ezartzeko lanak amaitu nahi dituzte aurki. Zuleibar auzotik (Zeanuri) Areatzara arteko zatia egin zuten lehendabiziko fasean, eta, orain, bigarrena, Zeanurira artekoa eraikitzea falta da. “Bidea laua denez, oinezko asko ibiltzen da bide bazterretik hara eta hona, horrek dakarren arriskuarekin. Gainera, Lanbide Heziketako Zulaibar institutua han dago, eta gaztetxo asko egoten da inguruan. Espaloiak oinezkoentzako babesa eskaintzen duenez, horixe eraikiko dugu”. Bizkaiko Foru Aldundiak hartuko ditu gastuak bere gain, eta 400.000 euro jarriko ditu.
Egokitzeko garaia
Diru kontuak aipatuta, Sagarnak agertu du herriaren egoera ekonomikoa ez dela ona, baina kaskarrenetakoa ere ez dela. “Esango nuke ez dugula gainontzeko lekuetan besteko langabezia tasa nabaritzen. Gainera, baserri inguru handiarekin osatutako herria da gurea, eta nork bere baratzea izatea lagungarria da ekonomia arazoei aurre egiteko”. Udalean, aldiz, argi dute gastuari aurre egin beharko diotela. “Egoera hain txarra ez den arren, oinak lurrean ditugu. Zenbait murrizketa egin beharko ditugu”, aurreratu du alkateak.
Krisiaren harira argitasunik ikusten bada, Sagarnak aipatu du diru gutxiago izateak herritarrak herrian gelditzea ekarri duela, eta, horrek, esaterako, auzoetako jaiak bere hartan gordetzeko eta indartzeko aukera ematen duela. Baserri giroari lotutako hamabost auzo izanik, eta hainbat ermita inguruan dituztelarik, ziur udaran batetik bestera ibiliko direla zeanuriztarrak.