1890eko Pobeña gogoan

XIX. mendearen bukaerara egingo dute salto Pobeñan, datorren domekan. Pobeña 1890 ekimenaren bitartez, meatzaritzak herrian izan duen garrantzia agerian geratuko da. Bost mendetan meatzetatik ateratako mineralak gurdietan zelan eramaten zituzten antzeztuko dute herritarrek. Portura arteko bidea zelan egiten zuten erakutsiko dute, eta Kantauri itsasoko burdindegietarako bidean zelan jartzen zuten.

1880ra arte, nekazaritza eta abeltzaintza ziren herriko ekonomiaren sostengu. Sektore horiek osatzeko bide bat zen meatzeen ustiaketa eta garraioa. Hala gogorarazi du Ricardo Santamaria Enkarterriko Dokumentazio eta Dibulgazio zentroko zuzendariak. “Pobeñak oso harreman txikia izan du itsasoarekin. Ez da arrantza portu bat izan. Datu batzuen arabera, ontziola txikiak zeuden bertoko hondartzetan, baina arrantzaren jarduerarekin lotzen duten daturik ez dago”, esan du Santamariak.

“Meatzaritzarekin estuki lotutako herri bat izan da beti. Beruna eta, bereziki, burdinaren minerala zeuden”, adierazi du. Gaur egun meatzetan lan egin duen pertsona bakarra dago bizirik, eta, domekako ekitaldien barruan, omenaldia egingo diote. Ramon Marcos Zorrilla da pertsona hori. “Pobeña 1890 gure arbaso meatzariei omenaldia egiteko eguna da, modu batean edo bestean, meatzarien oinordeko baikara”, azaldu du Santamariak.

Minerala kostaldeko portuetara gurdietan zelan eramaten zuten antzeztuko dute. “Galindo ibaiaren ibarrean —Ugarte edo Causo, kasu— edo Muskizko Barbadun ibaiaren ibarrean —San Martin, Laballe eta Pobeña— zeuden portuok. Herri xehearentzat, irabaziak eskuratzeko jarduera bat zen hori”, ekarri du gogora. Mineralak arrantzaleen ontzietan sartzen zituzten. Gehienak Plentziakoak eta Mundakakoak zirela azaldu du Santamariak, eta, batez beste, ehundik gora ontzi ibiltzen zirela gaineratu du.

“1880tik aurrera ekin zioten mineralaren ustiatze industrialari. Pobeñak eta eskualde osoak eraldaketa sakonak pairatu zituzten orduan”, gogorarazi du. Domekako ekitaldian, 1880 aurreko meatzaritza tradizionala da antzeztuko dutena.

Meatzaritzarekin lotutako jarduerez gain, ordea, beste egiteko batzuk ere bazeuden eguneroko bizimoduan, nahiz eta azterketa historikoa egiteko elkarrizketatuen artean gehien errepikatu den esaldia ondokoa izan: “Ezertxo ere ez zegoen eta!”. Abeltzaintza eta ortuko lanak ziren nagusi. Egoera, baina, ez zen batere ona: “Jendeak ia ezertxo ere ez zeukan, ez arroparik, ez zapatarik, ia zer janik ere ez… Lan handia egin behar zuten elikadura justua ateratzeko”.

“Eguneko ordurik gehienak elikagai bila igarotzen zituzten Pobeñako bizilagunek. Geroago, meatzaritzak soldatak izateko aukera ekarri zienean, lehenengo tabernak azaldu ziren. 1920ko hamarkadatik aurrera, ideia mordoa ateratzen ziren leku horietatik”. Tabernetako giroa ere irudikatuko dute, beraz. Baita harraskan arropak zelan garbitzen ziren, mineralak portutik itsasoan barrena eramaten zituzten ontziak…

Klase desberdinak agerian

Ezin ahaztu garai hartako klaseen arteko desberdintasunak. “Pobeñan txalet bat zeukan Mc Lennan sendiak, hainbat meatzeren eta Campomar kargatzeko tokiaren jabeek, hain zuzen. Antzezpenean presente egongo dira, luxuzko arropekin eta egun osoan ezer egin gabe. Antzezpen batzuetan istiluak izaten dira, horien eta gurdien atzetik doazen herritarren artean”, azaldu du.

Arrantzale familietan ohikoak ziren jakiak dastatzeko aukera ere izango da laugarren urtez antolatzen duten ekitaldian: Hegaluzea marmitan, patatak bokartekin edo bakailaoarekin eta Karrantzako indabak.