“Udalerri txikietan, jendea ondo zainduta eta ordezkatuta dago”

Bizimodu lasaia eta kalitate onekoa. Horrelakoa da Jatabekoa, Joseba Koldo Alzaga herriko alkatearen hitzetan. Udaletxeko balkoitik ere tamainako herri bat ikusten du, “laneko zein bizitzako arazoak ahazteko modukoa”. Bosgarren agintaldia du oraingoa herriko semeak, gaztetatik hasi baitzen lan horretan; 1995ean, hain zuzen ere. Urte luze horietan esperientzia oparoa lortu du Alzagak, eta udal txiki batek dituen mugez jabetuta, ahal dutena eta pentsatzen dutena egiten dihardutela dio: “Hemen, etxean eta beste edozein lekutan legez, ez da inor etorriko kanpotik gure arazoak konpontzera”.

Horren adibide garbia lortu berri duen garaipena da: urte luzetako borrokaren ostean, herria alderik alde, erdi-erditik gurutzatzen duen errepide nagusia berritzeko lanak hasiko ditu Bizkaiko Foru Aldundiak, urtea amaitu baino lehen. Izan ere, Bilbotik Plentziarako biderik laburrena bertatik igarotzen da, eta zirkulazioa ugaria izan ohi da uda osoan. “Espaloiak, bidegorria, autoak geldiro ibiltzeko semaforo eta zebrabideak… Hainbat aldaketa izango dira. Zatika egingo dituzte lanak, errepide osoa atondu arte”, iragarri du.

Hala ere, herritarrek gaur egun duten kezka nagusia, beste leku askotan bezala, krisiak eragiten dizkien ondorioak direla azpimarratu du Alzagak, nahiz eta herriko langabezia tasa ez den oso handia beste leku batzuekin konparatuz gero. Arlo horretan udal txiki baten eskumena mugatua bada ere, asko saiatzen ari da Jatabeko Udala. Lehenengo pausoa garapen agentzia bat sortzea izango da, eta ondo zehazturik dute jadanik horren lana. Herritarren egoera sozioekonomikoaren inguruko informazioa etxez etxe bilduko dute, eta hortik abiatuz ordenantza fiskala moldatzeko asmoa dute, egoera kaskarrean dauden familiek gutxiago ordain dezaten. “Gainera, herrian tarteka zein etengabe aritzen diren enpresen puntuazioan asko baloratzen da bertoko langabeak kontratatzea”. Bestalde, jarduera ekonomikoak sustatzeko eremu bat bultzatzen dabiltza. “Garai txarra da oraingoa, eta gure esku dagoen guztia egin behar dugu konponbidea aurkitzeko”.

Gainera, alkatearen ustez, udal txikietan daukaten hurbiltasunak herritarrak arazoaren zein irtenbidearen parte izatera bultzatzen ditu. “Garai zail hauetan garrantzitsua da hori, denon artean laguntzeko txarto pasatzen ari direnei”. Ez du ulertzen zelan har daitekeen murrizketak egiteko erabakia urrunetik, herritarren parte hartzerik gabe. “Arazoetan sakondu egin behar da; bestela, ez gara zulo honetatik irtengo”, hausnartu du.

Ildo horretan, udal txikien ezinbesteko ezaugarritzat du Alzagak herritarrenganako hurbiltasuna, arazoak konpontzeko elementu garrantzitsutzat. “Administrazio txikiak ezbaian daude orain, baina, askotan, udal txikietako kudeaketa hobea da, jendea ondo ordezkatuta eta zainduta baitago”.

Nekazaritza ere krisiaren irteera gisa egokia izan daitekeela uste du Alzagak, baina, azken urteetan, Jatabeko baserritar kopurua asko txikitu da. “Orain, profesionalagoa da sektorea; badira herrian ahuntz gazta, soja eta txakolin ekoizleak”.

Lortutakoak eta lortzekoak

Umeak Jataben bertan eskolaratzeko aukera faltan sumatzen du alkateak. “Ez da erosotasun kontua, autobusean erraz mugitzen dira eta. Baina gaztetatik harremanak egiteko eta, azken batean, herri bizitza bultzatzeko tresna izango litzateke”. Horrez gain, zerbitzu denak bermaturik daudela dio, nahiz eta, herri txiki gehienetan legez, garraio publikoak nahi baino maiztasun txikiagoa izan. “Kultur etxea eta beste hainbat eraikin egin ditugu azken urteetan, herritarren bizi- kalitatea hobetu guran”.

Hala ere, atzera begiratu eta urte luze hauetan egindako lanari so eginez gero, Jataben lortutako oreka azpimarratzen du Alzagak. “Erdiguneko zein baserri galduetako premiak bete ditugu, eta auzoen arteko oreka lortu”. Horrela, auzoetako beharrak ahaztu gabe, erdialdea edo kaskoa finkatzea lortu du bere agintaldian.