Turismoak badu saria

Argazki lehiaketa

Karrantza

Karrantza ingurura turismoa egitera doazenek, bertako parajeez gozatzeaz gain, sariak irabazteko aukerak ere badituzte udako igandeetan. Hain zuzen, iazko arrakasta ikusita, aurten berriz ere jarri dute martxan Latak eta letoriak Karrantza ginkana. Karrantzako Udalak Enkarterrialderen laguntzarekin antolatutako argazki lehiaketa bat da.

Berrogei kilometroko bidea egin behar dute parte hartzaileek. Hain zuzen, autoz egiteko prestatuta dago lehiaketa. El Suceso, Biañez, Ahedo, Bernalez eta Lanzasagudas auzo eta eremu enblematikoetatik pasatuko dira lehiakideak.

Antolatzaileek iragarri dute Brinban, Bernales auzoan dagoen alpaken baserria ere geldiune interesgarrietako bat izango dela. Bertan, animaliok zelan bizi diren jakiteko aukera izango da.

Guztiak 10:00etan bilduko dira Anbasaguaseko Karrantzako turismo bulegoan. Norberak bere autoa eraman behar duela zehaztu dute antolatzaileek. Ibilbidea jasoa duen GPS bat utziko diete, eta mapa bat eta txapelketan erabili beharko dituzten zenbait material ere emango dizkiete. Ginkanaren arauak eta oinarriak zeintzuk diren azaldu ondoren, abiatu egingo dira.

Ibilbidean zehar bete beharreko bederatzi fitxa ere emango dizkiete lehiakideei. Hiru ordu inguruko bidea egin beharko dute. Bide horretan, argazkiak ateratzeaz gain, marraztu eta Karrantzako inguru enblematiko horiei buruz egiten dizkieten galderak erantzun beharko dituzte.

Ginkanaren helburua da urteko sasoi honetan turismoa erakartzea. Hain zuzen, lehiaketa babesten duten landa ostatuetan ostatu hartuta daudenek ez dute ezer ordaindu beharko parte hartzeko. Gainerakoek, hamar euro ordaindu beharko dute ibilgailu bakoitzeko.

Hilero txapelketan parte hartzen duten guztien artean, bi lagunentzako egonaldi bat zozkatuko dute Karrantzako ostatuetako batean. Beste sarietako bat bazkari bat izango da.

Argazki ginkanan parte hartzeko, aurretiaz izena ematea komeni da: 94-680 69 28 edo 696-443 01 telefonoetara deituta, edo turismo@karrantza.org helbidera idatzita.