Miniaturak eta argazkiak ere erakusketako protagonista

Bilboko erraldoi eta buruhandien konpartsako pertsonaiak dira Euskal Museoko erakusketako protagonista nagusiak. Hala ere, erraldoien miniaturak eta jaietako argazkiak ere ikusgai izango dira. Miniaturak 1980an sortutako hamabi erraldoien erreprodukzioak dira, Fernando eta Esperanza Pallaresek egin zituzten eta Euskal Museoaren berezko bildumaren parte dira. Piezen jantziak Maritere Villamorrek egin zituen, eta museoak 1990ean egindako ikerketa historikoaren ondorio dira. Bestalde, XIX. mende bukaeratik hona Bilboko jaietan erraldoi eta buruhandiek izandako parte hartzearen inguruko ibilbide historikoa proposatzen dute erakusketa osatzen duten 84 argazkiek.