Eako Bedaroa auzoan duela 90 urtetik martxan jarri gabe dagoen karobi bat piztu egingo dute uztailaren 28an. Auzolanean Eako ondarea aztertu eta ezagutzera emateko asmoz, arbasoek egiten zuten moduan, Etxebarri baserriko karobia berriz ere martxan jartzeko prestatu du herritar talde batek.
Karobiari antzinako eran su eman aurretik, azken aste hauetan karobia eta haren ingurua garbitu, prestatu eta behar den legez seinaleztatzen aritu dira herritarrak. Prestaketa eta garbiketa lanen ostean, San Ignazio jaiak aitzakiatzat hartuta, garai bateko moduan, kare bizia egingo dute Eako Bedaroa auzoan.
Prestaketa lanekin bukatzeko, bihar bertan, karobiaren tximinia garbitzeko, sua egingo dute. Uztailaren 28an, berriz, 11:00etan, karobia martxan jarriko dute, lehen baserrietan egiten zen modura. Horretarako, Zeanuriko Ipizki taldearen laguntza izango dute Eako bizilagunek. Karobiari su eman eta bost egunera jasoko dute karea.
Natxi Aranburu eatarra garbiketa lanetan aritu da, eta ekinbide honen garrantziaren inguruan berba egin du. Aranbururen ustez, ezinbestekoa da herriko ondareari erreparatu eta hura lehengoratzea. Helburu hori lortzeko asmoz, beste herritar askorekin batera auzolanean antolatutako beharrak egin dituzte Ean. “Etxebarriko karobia legez, beste hainbat karobi identifikatu ditugu, eta horiek guztiak duela urte eta erdi osatu genuen gure ondarearen fitxategian jaso genituen”, azaldu du. Horrela, ondarea modu praktiko batean berreskuratu gura dute Eako herritarrek.
Etxebarriko karobia erabiltzeari duela 80 edo 90 urte inguru utzi zioten, baina, karobi horretaz gain Eako udalerriaren inguruan hiru motatako hogei karobi inguru identifikatu dituzte. Hainbeste karobi egoteak azaltzen du garai hartan karea asko erabiltzen zutela argitu du Natxi Aranburuk. “Lehen, erabilera handia ematen zioten kare biziari: eraikuntzan, argamasa egiteko eta fatxadak zuritzeko; erein orduko lurra egokitzeko, galkorrak diren elikagaiak epe luzerako kontserbatzeko, desinfektatzeko, sendagaiak egiteko… erabiltzen zuten. Gaur egun, zeregin horietarako beste material batzuk erabiltzen ditugu, eta, beraz, karobiak ez dira lehen bezain beharrezkoak”, azaldu du Aranburuk. Izan ere, hainbat arlotan izan du kareak erabilera: nekazaritzan, eraikuntzan, abeltzaintzan. Aipagarria da arrautzak kontserbatzeko ere erabiltzen zutela, karea urarekin nahastuta lortzen zen orean arrautzak sartuta.
XX. mendeak aurrera egin ahala, ongarri kimikoen eta porlanaren industria ekoizpenarekin lehiatu behar izan zuen. Norgehiagoka hori, baina, galdu egin zuen, eta karobiak bertan behera uzten hasi ziren. Mendearen erdi aldera inguruotako karobi ia guztiak desagertu ziren.
Karobi frantsesa
Etxebarri baserriko karobia aurkitutako frantses deritzon motako karobien artean berriena da. Tipo horretako karobiak, kontraterrenoa aprobetxatuz eraikitakoak dira. Etxebarriko karobia pixkanaka estutuz doan zulo bat da, 5 metroko sakontasuna eta 93 zentimetroko ahoa duena. Behin prozesu osoa bukatu eta kare bizia lortutakoan, beheko aldean dagoen zabalgune batetik ateratzen da.
Karobi horien funtzionamendua oso sinplea da. Lehenengo, karobia erregai moduan erabiliko den egurrez betetzen da, eta gainean kareharri geruza bat eransten zaio. Dena prest dagoenean, azpiko aldean dagoen labe ahotik su ematen zaio egurrari. Apurka-apurka kareharria ere erretzen joango da, eta kare bihurtuko da. Kiskaltze prozesua aurrera joan ahala, egur eta kareharri gehiago botatzen da karobira, eta aldi berean beheko aldean dagoen labe ahotik karea irteten joango da.
Horrek hainbat lagunen beharra eskatzen zuen, horregatik egin behar izaten zen auzolanean. Inguruetako etxeetako bizilagunak elkartzen ziren zeregin horretan jarduteko.