ITSASOKO ZAINDARIA LOREZ JOSI DUTE

Fededun zein fedegabe, itsasontzian zein lehorretik, milaka lagunek Karmengo Ama Birjina omendu zuten joan den martitzenean Santurtzin, Bizkaiko beste hainbat herritan legez. Herrialdean itsasoan egiten den prozesiorik zaharrena da. Mende batetik gorako historia du prozesio horrek. Ama Birjinari harrera egiteaz gain, itsasoan hildako arrantzaleak gogoratzeko eguna ere izan zen martitzenekoa. Zortzi arraunlarik, sardina saltzaile talde batek eta kuadrilletako kideek jarraitu zuten Ama Birjina portura bidean. Txalupan sartu eta, Abra parean, itsasoan hildako marinelei lore eskaintza egin zieten. Ontzi nagusiak ehunka txalupa izan zituen lagun.