Zierbenako Udaleko alkate Marce Elorzaren (EAJ) aurkako zentsura mozioa aurkeztu dute oposizioko Bildu eta Zierbena Beti alderdiek. Joan den astelehenean erregistratu zuten mozioa. Mozio horren bozketarako, gainera, EAJko bi zinegotzi ohiren babesa ere espero dute bi alderdietako ordezkariek. Hain zuzen, Bilduk azaldu duenez, duela hilabete inguru EAJko hiru zinegotzi udal gobernutik kanporatu zituen alkateak, alderdiaren barruan haustura bat izan ondoren. Euren alkategaia nor izango den ere iragarri dute: Zierbena Beti taldeko Eloy Tajada. Bozketa egin aurreko prozesuak, dena den, luze joko duela iragarri dute Bilduko ordezkariek. Izan ere, “udaleko idazkariak esan du ez direla bete zenbait forma legal”. Beraz, “tramitea korapilatu egin da”. Hain zuzen, idazkariaren arabera, mozioa aurkeztuta ere, ez dute behar besteko gehiengoa tramitera onartzeko.
Zierbena Betik eta Bilduk bina zinegotzi dituzte; EAJk, beste bi —hausturaren ondoren—, eta, adskribatu gabeen artean, EAJkoak ziren beste hirurak daude. Idazkariak hauteskunde legeari dagokionez egindako intrepretazioaren arabera, zortzi zinegotzik aurkeztu behar zuten mozioa. Eloy Tajada ez dago ados interpretazio horrekin, eta euren mozioak beharrezko baldintzak betetzen dituela deritzo. Bilduk eta Zierbena Betik euren zerbitzu juridikoen esku utzi dute auzia.
Bi alderdiek mozioa aurkezteko arrazoiak eman zituzten joan den martitzenean, prentsaurreko batean. Haien arabera, Zierbenako udal gobernuak “sistematikoki eragotzi du oposizioak eguneroko jardunean parte hartzea, espresuki horretarako sortu dituen mekanismoen bitartez”. Bestalde, besteak beste, salatu dute alkateak “dekretu bidez eta partidak azken orduko ezohiko bilkuretan aldatuz” gauzatu dituela proiektuak, eta prozedura horien iluntasuna nabarmendu dute. Udalaren funtzionamenduan hainbat irregulartasun antzeman dituztela ere adierazi dute.
EAJk, berriz, babesa agertu dio alkateari. Oposizioak aurkeztutako mozioak inolako ibilbiderik ez duela deritzo. Bilduk eta Zierbena Betik “boterea lortzea” beste helbururik ez dutela diote, eta euren zerbitzu juridikoak mozioa aztertzen ari direla.