Herrietako konpartsak ere, gertuko historiaren isla

Bizkaiko herri gehienetako festetan parte hartzen dute erraldoi eta buruhandiek. Hala ere, Iñaki Iriondok azaldu duenez, irudikapenak “ez dira merkeak” eta, ondorioz, XX. mendera arte Bizkaia osoan Bilbo zen buruhandiak ordain zitzakeen udal bakarra; beraz, “Bilbokoak dira erraldoirik zaharrenak”.

Azken hamarkadetan, ostera, hainbat herrietara hedatu dira erraldoi konpartsak. Gaur egun, zenbait pertsonaiez osatutako panpina taldeak ez dituzten udalerri askotan, erraldoi bikote bat badute behintzat.

Ahaztutako erraldoiak

Bilboko erraldoi konpartsak pertsonaia ugari izan ditu bere historia luzean. XIX. mendean sortutako figura batzuk hurrengo gizaldian baztertu zituzten, baina haien oroimena ez zen itzali. Hala, 2001 urtean Basurtuko Beti Jai Alai dantza taldeak Bilboko pertsonaien parte izateari utzi zioten turkiarra, mairua eta amerindiar bikotea bere egin zituen, auzoko erraldoi konpartsa sortuz. Jose Arrue margolariak egindako litografia batean agertzen ziren figura horiek, Gargantuarekin batera. Santutxun auzokoa den Mairuek izeneko konpartsako erraldoiak ere oso pertsonaia bereziak irudikatzen dituzte: itsasadarreko Angulerue, Zazpikaleetako dendetako Jostune, Begoñako baserritarren ordezkari den Aitite Matsorri eta itsasontzietako zamaketaria den Kargerue.

Bilbotik irten barik, Deustuan ere erraldoi taldea dago: 1996an sortutako Ondalan konpartsa, alegia. Urte horretan bertan sortu zituen Kukubiltxok auzoko lehen lau erraldoiak. Alkatea, marinela, zirgatzailea eta txakolinera izan ziren hautatutako pertsonaiak. 1999an, berriz, beste lau erraldoi sortu zituzten, baina, kasu horretan, tamaina txikiagoan egin ziren, 11 urteko haurrek dantzatu zitzaten. Hala, ikazkinak, esne saltzaileak, pilotariak eta laiariak osatu zuten Bizkaiko erraldoi txikien lehen konpartsa.

Gertuko pertsonaiak

Gertuko historiarekin lotura duten pertsonaiak oso ohikoak dira Bizkaiko erraldoien artean. Barakaldon, esaterako, Retuertoko kondeak eta kondesak osatzen dute San Bizente auzoko Laguntasuna folklore taldearen erraldoien taldea, baserritar bikotearekin batera; 1998an egin zituen Kukubiltxok figura horiek. Bermeoko konpartsa eta Getxoko erraldoi taldea, aldiz, arrantzale eta baserritarren bikoteek osatzen dituzte.

Santurtzin ere eskualdeko lanbide tradizionalak aukeratu zituzten erraldoiak karakterizatzeko. Modu horretan, arrantzalea, sardina saltzailea, meatzaria eta mineral garbitzailea dira 2001ean Mendi Alde dantza taldearen eskutik sortutako konpartsako kideak. Horrez gain, 2005ean Santurtzin Erraldoien Bilkura egin zela aprobetxatuz, erraldoi txikien konpartsa aurkeztu zuten: La Bella Charo, Sotera, Currito eta Don Elias dira taldeko pertsonaiak, denak herriko pertsona ospetsuak. Urduñan, Bihotza konpartsak 2001 urtean hartu zuen hirian existitzen zen erraldoien tradizioa jarraitzeko ardura. Egun, lau erraldoi ditu konpartsak: errege-erreginak eta dantzari bikotea.

Berton egindakoak

Bi herritako kasua oso berezia da, erraldoiak herritarrek eraiki baitzituzten. Erandion, Gau Txoriak konpartsako kideek egin zituzten Martiartuko jauna eta anderea irudikatzen dituzten panpinak, baita Zumalakarregi eta La Ria pertsonaiak ere. Areatzan, 1997an bizilagunek sortu zituzten herriko lau erraldoiak: bainuetxeko bezero bikotea, txistularia eta Añude. Konpartsa horiez gain, hainbat herritako erraldoi bikoteak daude: Portugalete, Sestao, Basauri, Lekeitio, Markina eta Ortuella dira horren adibide.