Krisiaren ondorioak alor guztietara iristen ari dira. Elbarriei dagokienez, lanpostuei eusteko lanetan ari da Lantegi Batuak. Lan zaila dute, baina, erronka hori dute,Txema Franco (Bilbo, 1970) fundazioko zuzendari orokorraren arabera.
Zer eskaintzen die Lantegi Batuak fundazioak bere langileei?
Lan aukera bat eskaintzen diegu pertsona horiei, daukaten dena delako, gaitasun ezak garrantzirik izan gabe; dituzten gaitasunak erakusteko aukera ematen diegu.
Zer-nolako elbarriak ari dira zuenean lanean?
Gurekin lan egin nahi duten 600 elbarriren lan eskaera baino gehiago jasotzen ditugu urtean. Eskaeren %25 urritasun intelektuala duten pertsonenak dira; beste horrenbeste, buru nahasmendua dutenenak; %50, elbarri fisikoak edo zentzumenen urritasunen bat dutenak dira, eta talde txiki bat garuneko gaitzak dituztenena da.
Elbarri fisikoei eta zentzumenen urritasunen bat dutenei dagokienez, pertsona batzuk ohiko lanbiderako ezintasun iraunkor osoa dutenak dira. Lan edo zirkulazio istripuen ondorioz elbarritutakoak dira.
Orokorrean, prestakuntza txikiko pertsonak izan ohi dira guregana jotzen dutenak. Geratzen zaien azken aukeraz baliatzen dira guregana jota; hau da, ate guztiak itxi direnean, elbarritasunaz gain, prestakuntza txikia dutenentzako aukera bat da gurea.
Zenbat zentro dituzue Bizkaian?
2.700 pertsona gaude Bizkaian, 22 zentrotan banatuta. Zentroez gain, baina, zerbitzuen sektorean lan egiten duten 800 lagun inguru ere badaude, lorategiak zaintzen edota garbiketak egiten, esate baterako.
Zein da zuen sektore nagusia?
Gure jardueraren %50 industria alorrekoa da, eta gainerako %50a, zerbitzuetakoa. Industria jardueraren barruan, gehien lantzen dugun sektorea ekipamendu elektrikorako gailuak eta elektronika dira. Zerbitzuen sektoreari dagokienez, batetik, ingurumen zerbitzuak daude —lorezaintza eta garbiketa—. Bestetik, egin dugun dibertsifikazio prozesuak daude: Etxejan, adinekoei etxera janaria eramateko zerbitzua, edota oraintsu abiatu dugun proiektu berria: BBKBilboGoodHostel.
Gure helburua da elbarriei orain arte presentziarik ez zuten sektoreetan lan aukera zabaltzeko dibertsifikatzea. Turismoaren sektorea zen horietako bat.
Krisia nabaritu al duzue?
Bi ataletan sumatu dugula esan dezakegu. 2009 eta 2011 artean izugarrizko eragina izango zuela uste genuen arren, industriaren alorrean kalte egin zigun, baina zerbitzuen alorrean aukerak sortzeko gai izan ginen. Beraz, enpleguari eutsi egin diogu, eta 2011n 149 lanpostu berri sortu genituen. Azken hiru urteetako balantzea, beraz, ona da.
Orain, ordea, 2012 eta 2013ra begira arazo gehiago daude. Izan ere, krisia amaitu ordez, are gehiago astintzen ari da ekonomia. Gure diru sarreren %30 diru laguntzak dira, eta horrek kezkatu egiten gaitu. Gure finantzabidearen eskema ondokoa da: %70 salmentak eta %30 diru laguntzak. Eta lanpostuei eutsi ahal izateko, emaitza onak izateari uko egin diogu orain arte, baina ezin izango diogu betiko eutsi. Izan ere, emaitzarik izan ezean, ez daukagu inbertsio ahalmenik, ez eta proiektua eramangarri egiteko gaitasunik ere. Kezkatuta gaude, diru laguntzek behera egiten badute salmentetatik diru hori atera ahal izango ote dugun.
Zuen kasuan ere, emakume kopurua gizonezkoena baino txikiagoa da.
Hala da bai. Ia hamar urte dira programa bereizi bat abiatu genuenetik emakume elbarriak diskriminazio bikoitzari dagokionez daukan alde hori murrizteko. Izan ere, estigma bikoitz hori pairatzen dute emakumeek.
Mutiko elbarri batek hezkuntza berezia bukatzen duenean, berehala esaten diote lanean hasi behar duela. Emakumeei dagokienez, aitzitik, familiek gehiegi babesten dituzte eta sarri neba-arrebak edota senideak zaintzeko lana ematen diete. Gehiegizko babes horren ondorioz, emakumeen aldetik lan eskaera gutxiago iristen zaizkigu. Gure programarekin asko aurreratu dugun arren, lan asko daukagu oraindik egiteko. Izan ere, emakume elbarrien langabezi tasa gizonena baino askoz handiagoa da.
Pertsona horientzako garrantzitsua izango da, gainera, lanean egotea, ezta?
Pertsona horientzat gainerako guztientzako bezain besteko garrantzia dauka. Familien kolektiboari dagokienez, baina, ezin imajina dezakezu zenbateko garrantzia daukan. Downen sindromea duen gazte bat lanean hasten ez bada, arazo handiak sortzen ditu sendietan. Gurasoek ezin dezakete etxetik kanpo lan egin, edota pertsona bat kontratatu behar dute berarekin egoteko.
Bestalde, adimen urritasuna dutenen zahartzeari buruzko ikerketa bat aurkeztu duzue. Zer gertatzen da pertsona horiekin zahartu eta lanpostuak galtzen dituztenean?
Ia 30 urte daramatzagu adimen-urritasuna duten pertsonekin lanean, eta orain hasi gara antzematen lanak kolektiboaren gainean dituen ondorioak.
Era horretako azterketarik ez da egin orain arte, inon ez baitituzte izan elbarriak 30 urtetan lanean. Sortzen ari den arazoa izanik, epe labur eta ertainera zeintzuk erronka genituen aztertzeko egin genuen ikerketa. Pertsona horiek pairatzen duten zahartze goiztiar horren ondorioak arintzea da helburua.
Zer da proposatzen duzuena?
Neurrietako batzuk lege eta araudi aldaketei dagozkienak dira. Beste batzuk, antolamendu sistemari dagozkionak. Esaterako, lanordu murriztuak behar dituztenei aukera hori ematen diegu, esfortzu gutxiago eskatzen duten lanak ematen dizkiegu hala behar dutenei, ordutegiak egokitzen ditugu… Banan-banan pertsona horietako bakoitzarentzat konponbide bat aurkitzea da helburua.
Arauei dagokienez, uste dugu pertsona elbarrientzako aurretiazko erretiro aukera hobetu egin behar dela. Ez dira horretarako garai onak. Guk, ordea, lan horri eutsi behar diogu. Gainerakoan, urte batzuen buruan kudeatzeko zaila izango den arazoa izango dugu.
Zeintzuk helburu ezarri dituzue 2012rako, eta zeintzuk dira etorkizunerako erronkak?
2012rako helburua zen lanposturik ez desagertzea, eta lehen seihilekoan bi lanpostu berri sortu ditugu. Etorkizunerako erronka da iraunkorrak izatea. Horrek esan nahi du lehiakorragoak izatea, gure ekoizpena hobetzeko gai izatea, eta diru laguntzekiko mendekotasuna murrizten saiatzea. Erronka zailak dira, baina guztion ilusioarekin egingo diegu aurre. Duela 30 urte pentsaezinak ziren gauzak lortu ostean, ez dugu nahi hori guztia galtzerik. Lehenago pentsaezina izango litzateke normaltzat hartzea Eroskin produktuak bere lekuan jartzen elbarriak aritzea, edo publikoarekin harremanetan. Lortutakoak duen balioaz jabetuta, aurreratu dugun hori guztia ez galtzea izango litzateke erronka. Eta lortuko dugu, ez zalantzarik izan.