Barakaldoko eta Santurtziko erraldoiak plazara

Karmengo Amaren jaietako azken asteburuan sartu dira Santurtzi eta Barakaldo. Ohikoa den legez, erraldoi eta buruhandiek protagonismo berezia izaten ari dira aurtengo festetan. Santurtzin, joan den larunbatean egin zuten kalejira buruhandiek: Mendi Alde taldeko dantzariekin eta Santurtziko txistularien bandarekin batera, herriko erdiguneko giroa alaitu zuten eguerditik hasita. Astelehenean, Karmengo Amaren eguna zela eta, erraldoien konpartsako kideen txanda heldu zen; 20:00etan udaletxetik irten ziren herriko lau erraldoiak, afalordura arte dantzan aritzeko.

Barakaldon, aste osoan Foru pasealekuan ezarritako puzgarrietan jolasean zebiltzan haurrak izutzen ibili ostean, buruhandiak gaur irtengo dira plazara azken aldiz, eguerdian. Laguntasuna folklore taldeko erraldoiak ikusi ahal izateko, berriz, jaietako azken egunera arte itxaron beharko dute barakaldarrek: igande eguerdian egingo dute kalejira, Herriko plazan hasita eta San Bizente parkeraino dantza eginez. Ekitaldi horretan beste zenbait konpartsako erraldoiak ere arituko dira.