Lemoiz
Beste urte batez, inguruko reggae jaialdirik ospetsuena antolatu dute Armintzan (Lemoiz): Txapel Reggae jaialdia ospatuko dute bihar. XX. jaialdia da aurtengoa. Euskal Herriko zein atzerriko reggae estiloko musikari ezagunenak arituko dira.
Hain zuzen, AEBetako, Ingalaterrako, Jamaikako eta Frantziako musikariek egingo dute bat, bertokoekin batera, era horretako inguruko jaialdirik errotuen eta zaharrenean.
22:00etan hasiko dira kontzertuak, Thunder Clap talde estatubatuarraren eskutik. Sound system doinuak taularatuko dituzte, hara biltzen diren guztiak reggaean murgiltzen has daitezen.
Haren ostean, Euskal Herriko taldeen txanda iritsiko da. Itziarren Semeak, Chalwa Band, King Konsul eta Akatz taldeak igoko dira oholtza gainera.
Itziarren Semeak taldeak 2008an kaleratu zuen lehen lana. Aurten, laugarrena argitaratu dute: Basque of Brixton. Azken disko horretako abestiak entzuteko aukera izango dute Armintzara doazenek.
Chalwa Band, bestalde, Uribe Kostakoa da. Roots reggae estiloaren jarraitzaileak dira. Biharkoan King Konsulekin ariko dira. Akatz, azkenik, 1992an sortu zen, Bakion.
Jamaikako bertako doinuak joko ditu Skarra Mucci taldeak. Aditu askoren arabera, reggae musikari dagokionez, artista berritzaileenetakoa da. Nazioartean, gainera, ospe handia lortu du taldeak reggae rap eta r&b estiloei esker.
Jamaikarrak Frantziako Heartical Sound taldearekin agertuko dira agertokian. Mr Boo. Wap, Mr Tam eta Sir Joe musikariek sortu zuten Parisen, 1999an. Geroztik aurrera, euren estiloa erakutsi dute nonahi.
Gaua bukatzeko ordua ere iritsiko da, eta Vibronics ingelesak arituko dira. Gaur egun nazioartean hedapen zabalenetakoa duen taldea da.
Vibronicsekin batera, Jah Marniyah gaztea igoko da taula gainera. Txikitatik izan du gustuko musika. Urteek aurrera egin ahala, reggaeren munduan murgildu zen, eta horretan dabil gaur egun ere. Hitz indartsuak ditu bere kanten ezaugarri.