Euskal Herria Bildu koalizioak uste du “porrota” izan dela Bilbo Hegoaldeko Saihesbidea. Ohartarazi du ez direla “inondik inora” bete Bizkaiko Foru Aldundiak egindako ibilgailu eta diru biltze aurreikuspenak. Amaia Agirresarobe Bilduk Bizkaiko Batzar Nagusietan daukan ordezkariak kezka agertu du diru bilketa mantentze kostutik behera ere badagoelako. Hala, Bizkaiko Foru Aldundiak “egindako obra publiko garestienak eta handienak zorra handituko” duela salatu du.
Foru administrazioak inauguratu aurretik ezagutarazi zituen kalkuluen arabera, lau hilabetetan 6 milioi bilduko ziren, errepideko ordainsariei esker. Urte betean, bada, 25 milioi izango zirela aurreikusi zen. Irailean hasi ziren ibilgailuak errepide horretatik ibiltzen, eta, apirilera arte, foru aldundiak 2,8 milioi euro baino ez ditu bildu. Erabilerari dagokionez, Agirresarobek gogora ekarri du Juan Mari Aburto Bizkaiko Foru Aldundiko bozeramaileak apirilean egindako aitortza: Aldundiak esperotako erabileraren %44ra ere ez da iritsi.
Eguzki ekologista taldeak ere balantzea egin du, eta kontuak eskatu dizkio EAJri. “Bizkaiko Foru Aldundiak egindako ikerketek zioten hegoaldeko saihesbideak A-8 autobidetik igarotzen diren ibilgailuen %8a baino ez duela erakarriko. Bazekiten ibilgailu astunek ere ez zutela erabili gurako garestia delako. Eta bazekiten zer-nolako ingurumen kalteak eragingo zituen. Horrela izanda, zergatik jarraitu zuen aurrera porlanaren alderdiak?”, galdetu dute. Gainera, diote, azpiegitura horrek konpondu behar zituen arazoek bere horretan jarraitzen dutela: “Muskiz eta Bilbo arteko auto ilarak ez dira desagertu”.
Bilduko Amaia Agirresarobek aldundiak dituen lehentasunak auzitan jarri ditu: “Hegoaldeko saihesbideak ia baliabide guztiak baldintzatzen ditu, eta Bizkaiko eskualdeen artikulaziorako beste errepide batzuenganako arreta atzeratu du”. Alegia, errepide ardatzetako asko egiteko proiektuak bertan behera geratu izana salatu du batzarkideak. Ermuko saihesbidearen adibidea jarri du.
Hain zuzen, gaur zortzi ermuarrek herria zeharkatzen dien N-634 errepidea itxi zuten, egunero handik igarotzen diren 30.000 ibilgailuak Ermutik aterako lituzkeen saihesbidea behingoz eraikitzeko eskatzeko. Besteak beste, PPren babesa ere jaso dute ermuarrek. Ermuko herritarrak zigortu izana egotzi dio aldundiari eta lanak 2013an hasteko eskatu.