Herri batek herri gisa erabat garatzeko, beharrezkoa du bere izaerari eustea eta bere historia eta ohiturak ez ahaztea eta presente izatea, Trueba elkartearen ustez. Enkarterri eskualdeak baldintza horiek sarri betetzen ez dituela iritzita, eskualde horretako eguna antolatu du biharko eskualdeko dokumentazio eta dibulgaziorako zentro horrek.
Laugarren urtez antolatu dute jaialdia. Bihar, Lanestosa Enkarterriko erdigune bihurtuko da egun batez. Trueba guneak eskualdeko kultur elkarte guztiei dei egin die, “elkartasuna areagotu eta Enkarterriko kultura zaindu eta berreskuratzeko egitasmoak martxan jartzeko ahaleginean jarduteko”.
Enkarterri Eguna “sentsibilizazio, senidetze, aldarrikapen, motibazio eta festa eguna” izatea nahi du Trueba elkarteak. Horretarako, egun osorako hainbat ekitaldi antolatu dituzte. Piñaburu elkarteak Lanestosa hiribilduaren sorreraren 725 urteurrena dela-eta antolatutako kultur jarduerekin bat egingo dute, bide batez, bihar.
Herria Enkarterri eskualdeko kultur hiriburu bihurtuko da. Izan ere, egunez egun arbasoen herentzia babesteko ahalegina egiten duten 30 bat elkarte eta taldek bat egingo dute bertan. Lanestosako Plaza Berria, eskolak eta frontoia izango dira festaren agertoki nagusiak.
Besteak beste, Portugaleteko Elai-Alai folklore taldeak parte hartuko du jaialdiko jardueretan. 50. urteurrena bete du aurten dantza talde horrek. Abanto-Zierbenako Harrigorriak taldea, Abantoko Las Carreras auzoko Enarak taldea eta Sopuertako Urreztieta ere han izango dira, Lanestosako bertako dantzariekin batera. Bestalde, Zallako Txistu Eskolako txistulariak eta Gueñeseko Quadrako albokariek girotuko dute herria euren doinuekin.
Gainera, janari ohiturak ere ez dituzte alde batera utziko. Goiz osoan, eskualdeko ekoizleek Plaza Berrian euren produktuak jarriko dituzte.
Indabak
Frontoian, berriz, hainbat sukaldarik, Jon Villar buru dutela, eskualdeko indabak prestatuko dituzte. Indaba horiekin, herri bazkaria egingo dute 300 pertsonarentzat. Jaiaz gain, erroetara begiratzeko aukera ere egongo da, hala ere. Eskoletan bi erakusketa ikusteko aukera ere zabalik izango dute joaten direnek. Batetik, Somorrostroko bataila erakusten duen bat. Bestetik, Luis Castresana idazleari buruzko bat. Horrez gain, Jose Manuel Irastorzak Lanestosaren sorrera eta garapena izango du mintzagai. Javier de la Colinak Colina sendia eta jauregia Lanestosan hitzaldia emango du. Ricardo Santamariak, bestalde, Ondare inmaterialeko artxibo bat sortzearen garrantzia azpimarratuko du.