Ekin bideari

Oinez zein bizikletaz ibili, eta, bide batez, herriaren historia ezagutzea ahalbidetzen duten hainbat bide daude. Donejakue bidea, artilearen bidea eta arrainaren eta ardoaren bideak pixka bat ezagutzeko aukera zabaldu dute hiru ibilbide horien koordinazio lanetan ari direnek. Bakoitzak bere alorrean eta arrazoi desberdinak tarteko, baina, xarma bereziren bat daukate: Bisitariari pizten dizkioten sentimenduak direla edota euren barruan gordetzen dituzten historiaren pasarteak direla. Uda garaiak txoko horiek ezagutzeko aukera ezin hobea eskaintzen du. Ekin, bada, bideari.

Danejakue bidea

Barrua pizten duen xarma

“Ez dakit zer daukan, baina behin eta berriz errepikatzera zaramatzan zerbait dauka Donejakue bideak. Ez dut esango zerbait espirituala edo mistikoa denik, baina badauka xarma berezi bat”. Hala laburtu du Alberto Cantera Bizkaiko Donejakue Bideko Lagunen elkarteko kideak ibilbide hori egiteak zer suposatzen dion erromesari. Bizkaiko atalari buruz mintzatu da.

Markina-Xemeinen hasi eta Pobeñara bitartean 100 kilometro inguruko ibilbidea egiteko aukera eskaintzen du. Bestalde, Bilbo ostean, Kastrexanan ezkerrarantz jarraituta beste aukera bat zabaltzen da: Alonsotegi, La Cuadra, Sodupe, Gueñes eta Zalla igaro eta Balmasedaraino joatea. Handik, Burgosen (Gaztela-Leon, Espainia) sartzen da. Guztira, 40 kilometro inguru bete behar dira. Dena den, Canteraren esanetan, gehienek kostaldeko ibilbideari ekiten diote.

Errepidea eta mendiko bideak, biak, aurkituko dituzte erromesek. “Sarri, mendietatik bideak egitea ezinezkoa denean, ibilbidea errepiderantz bidaltzen dugu; esaterako, joan den neguan izandako euriteengatik bideak basaz bete zirelako”. Cantera bera ibiltzen da ibilbideko seinaleak margotzen.

Gipuzkoatik Bizkaira, Markina-Xemeinetik sartzen da bidea. Han bertan, bisitariek Aretxinagako Mikel Deunaren ermita ikus dezakete. Erromesen interesa piztu ohi duen beste elementu bat Ziortzako monastegia dela azaldu du. Haren ostean, Bolibarren museotik igaroko dira ibilbidea egiten dutenak.

Lea-Artibai apurka utziz, Gerikaitz eta Munitibar pasatu ostean, Gernika-Lumon sartuko dira erromesak. “Han denetarik dago ikusteko”, azaldu du: Gernikako Batzar Etxea, Gernikako arbola bera, Bakearen museoa…

Gerekizerako bidea jarraitu behar da gero. Goikolexalde igaro eta Larrabetzun egin daiteke hurrengo geldiunea. Besteak beste, Anguleria jauregia bisita daiteke. Lezamatik jarraitu eta Zamudion San Martin eliza ikusi ostean, Bilborako bideari ekin behar zaio, Donejakue bidearen seinaleei jarraiki.

Bilbon, normalean, bisitariek egun bat baino gehiago egin ohi dituztela azaldu du Canterak. Bizkaiko hiriburan Guggenheim bera, Arte Eder museoa, Euskalduna jauregia… Hainbat eta hainbat interes puntu daudela ekarri du gogora.

Donejakueren ibilbidea bera San Anton, San Frantzisko eta Autonomiatik doa Basurtun dagoen aterpetxera iritsi arte. Ibilbide horrez gain, erromesei alternatiba bat ere eskaintzen diete aholku eske baldin badoaz: hain zuzen, itsasadarraren ertzetik joatea. Herri artean ibilbide zehatz bat jarraitzearen garrantziaz mintzatu da: “Hiri barruan, ordea, aldaerak egin ditzakete, azken finean, erraz irits daitezkeelako leku berera”.

Hiriburua atzean utzita, Urgozora iritsi eta Kastrexanako Deabruaren zubia zeharkatzeko aukera izango dute oinezkoek. XIX. mendera arte oso garrantzitsua izan zen Bilbo eta Gaztela arteko errege-bidearen zati bat baitzen.

Aurrera egin eta Barakaldon sartuko dira bisitariak, Retuerto auzoan. Han, “Barakaldoko industria gunea ikusteko aukera izango dute. “Dagoeneko ia erabat galduta dago, dena den”, esan du. Sestaon ia bost kilmometro eta erdiko ibilbidea egin ostean, Portugaleten Bizkaiko Zubi ospetsua ikusi eta bertatik igaro daiteke erromesa.

Bizkaiko Donejakueren ibilbidea bukaera aldera iristen ariko da ordurako. Muskizen, Pobeña auzoan bukatu baino lehen, Arena hondartza ikusi ahalko dute bisitariek. “Zubi eder bat igarotzeko aukera zegoen duela gutxira arte, baina orain kaltetuta dago eta ezinezkoa da”, azaldu du. Cobaronera (Kantabria, Espainia) sartuko da aurrera jarraitzen duen erromesa. Compostelara iristeko 640 kilometro pasatxo falta dira Pobeñatik, Bizkaiko tartea bukatzen den puntutik.

Artilearen bidea

Ardietatik tapizetara

Artilearen ibilbidea Balmasedatik edo Urduñatik Bilbora doana da. Erabiliena eta ezagunena lehenengoa da, Enkarterrin hasten dena.

Merkataritzarekin lotutako hainbat ibilbide daude Bizkaian. Artilea Gaztelatik Bilboraino eramateko bidea da horietako bat. Artilearen ibilbidea bezala da ezaguna eta Cadagua ertzetik doana da zabalduena. Dena den, Arratia-Nerbioitik igaro eta aurrekoa bezala, Bilboko itsasadarrera iristen zen beste bide bat ere badago. Urduñatik sartzen zen hura Bizkaian. Bideak, beraz, ardiei artilea mozten zitzaien lekuan hasi eta portuan Europa iparralderantz merkantzia itsasoratzen zuten lekuan bukatzen zirela azaldu du Javier Sanchez ibilbidea koordinatzeko arduradunak. Hain zuzen, XIV eta XVIII. mendeen artean artile merkantziaren %80 Bilboko portutik ateratzen zen.

Cadagua inguruko ibilbideari dagokionez, Balmasedan hasten da Bizkaiko atala. Zalla, Gueñes eta Alonsotegi igarotzen ditu hiriburura iritsi bitartean. Ibilbide batean zein bestean “errege-bideen aztarnak ikus daitezke. Horietatik igarotzen ziren merkantzia guztiak. Gure kasuan, artilea”, azaldu du Sanchezek. “Galtzada hondarrak ikus daitezke zenbait lekutan, bereziki, Zallan. Balmasedan eta Urduñan, bestalde, artilearekin eraikinak eta merkataritzarekin lotutakoak daude”. Besteak beste, Balmasedan Zubi Zaharra edo Muzako zubia dago, aduana kokatuta zegoen eremuan, hain zuzen.

Urduñatik sartu eta Arratia eta Nerbioi aldea igarota Bilbora iristen den bidea beranduago hasi ziren erabiltzen. Hain zuzen, mendatea ireki zutenean, XVIII. mendean.

Bereziki, Bilboko Itsas Museoa bisitatzera gonbidatzen ditu ibilbidea egiten dutenak. “Han itsasontzietan sartzeko artile zakuak zelan prestatzen ziren ikus daiteke, zelan garraiatzen ziren, merkatari bakoitzak bere zakuetan egiten zituen markak, helmugara iristen zirenean —Europa iparraldera, bereziki— bakoitzak bere merkantzia zein zen jakin zezan. Izan ere, merkatari bakoitzak bere marka propioa zeukan”, jakinarazi du.

Horrez gain, “Cadagua arroa, bere osotasunean, ez soilik artilearen merkataritzarekin lotutako guztia, ondareari dagokionez, bereziki, kulturari lotutakoa, azpimarratzeko modukoa da”, esan du. “Bai Cadagua arroa zein Nerbioikoa ere”.

Balmasedatik Bilborako ibilbidea bizikletaz zein oinez egin daiteke. “Bidegorria egin dute, beraz, txirrinduan zein oinez, osorik egiteko modua dago. Arratia-Nerbioi aldeko zatiari dagokionez, bestalde, tarteren bat bizikletaz egin daiteke”. Oro har, baina, autoz egiteko bideak direla esan du. Osotasunean, hartuta, Bizkaitik kanpoko eremua ere kontuan izanik, zazpirehundik gora kilometroko ibilbideak dira. “Beraz, irteera desberdinak egin daitezke apurka denetarik ikusi ahal izateko”. Cadagua ibaiarekiko paralelo doan bidegorria izango litzateke salbuespena.

Ibilbidea egin nahi dutenek ez dute artilearen bideari dagokion seinalerik aurkituko. “Ez dugu seinalerik jarri, izan ere, ez da beharrezkoa. Ibilbidea dagoena da, ez da beharrezkoa seinalerik jartzea. Bideari jarraitzea besterik ez dago. Artilearekin ibiltzen zirenek ez zuten bide zehatz bat egiten. Nonbait zubi bat jausten baldin bazen, bide alternatiboak aurkitu behar izaten zituzten. Bidea ez zen bakar eta zehatz bat. 400 urteotan, gainera, ibilbideen argazki finko bat egitea ezinezkoa da eta ez gara ausartu egiten. Balmasedatik Bilbora bidegorritik egitea da antzinako bidearekin bat datorren antzekoena”, ondorioztatu du.

Ardoa eta arrainen bidea

Truketa oinarrian

Araba Bizkaiko kostaldearekin lotzen duen merkataritza alorreko beste bide bat ere ezin ahaztekoa da. Oionen hasi (Arabako Errioxa) eta Bermeo, Ondarroa edota Lekeitiora arte iristen den ibilbidea da ardo eta arrainena.

Hegoaldetik ardoa zein olioa eramaten zuten kostaldeko herrietara. Itsaso aldetik, bestalde, arraina gatzetan jarrita eramaten zuten barrualderantz. Guztira, 100 kilometrotik gorako ibilbidea egiten zuten merkatariek, iparrerantz zein hegorantz. Eta, gaur egun ere, beste asmo batzuekaz, baina ibilbide hori egiteko aukerak zabalik jarraitzen du: ardoaren eta arrainaren ibilbidea asko egiten dute astialdian.

Bizkaian Otxandiotik sartzen da bidea. Bertan, hirigune historikoa bisitatzeak merezi du. Urkiolako inguru ikusgarrian gora egin ostean Durangora jaitsiaraziko du oinezkoa ibilbideak, Urkiolako santutegia eta San Martin ermita ikusi ostean. Durangon, herriguneak berak dauka interesa.

Handik gutxira, berriz ere gora bidean jarriko du bidaiaria Oizera bidean. Udaibaiko lurretan sartuko da geroago bisitaria eta handik, Gernika-Lumo, Forua, Murueta, Busturia, Sukarrieta eta Mundaka igarota, lehenengo helmugara iritsiko da. Bermeon sartuta, berehala portua ikusiko du oinezkoak.

Beste bi alternatiba ere baditu, dena den, ibilbide horrek. Izan ere, Lekeitioko eta Ondarroako portuek ere merkataritza bideak egiten zituzten XV. eta XVIII. mendeen artean. GR-38 bidearen beste aldaera bi dira, beraz, hurrengoak.

Durangotik Iurreta alderantz egin eta Ziortza Bolibarretik iritsiko da Lekeitiora alternatiba hori hartu gura duen bidaiaria. Ziortzako Santa Maria monasterioa eta Santutxu ermita ikusi ahal izango dituzte, besteak beste. Etapa hori baserri giroko paisajeen artean egingo dute bisitariek.

Santutxu ermitaren paretik egin daiteke Lekeitiora edo Ondarroara jotzeko hautua. Lea eta Artibai errekak banatzen dituen lerroari jarraiki irits daiteke Ondarroara. Euskal Herriko porturik garrantzitsuenetakoa aurkituko du oinezkoak bide horretatik.

Ibilbide osoa burutzeko etapatan egiteko gomendioa egiten dute adituek. Oinez egiteko modukoa da, mendiko bizikletan ere egin daitekeen arren.