Udaberri hasieran iritsi ohi da Euskal Herriko zerua irudi ederrekin marrazten duen ikuskizun alaia. Martxo bukaerako edo apiril hasierako lehen eguzki izpiekin batera, hara eta hona ikus daitezke lehen elai edo enarak, gora eta behera, atzera eta aurrera, euren hegaldi azkarraren bidez irudi bitxi eta politak utziz zeru urdinean. Negua inguru epelagoetan pasatu ostean, eguraldi onarekin batera milaka enara itzultzen dira zelai, baserri, haran eta mendietara.
Aski ezagunak dira enarak Euskal Herrian, baina, non igarotzen dute negua? Arrek eta emeek batera bidaiatzen al dute? Galdera horiek eta gehiago erantzun nahian, enara arrunta (Hirundo rustica) hobeto ezagutzeko eta espeziearen gainbehera esanguratsuaren arrazoiak zehazteko proiektua jarriko du abian Gautegiz Arteagan dagoen Urdaibai Bird Centerrek: Elaia 2012-2013. Afrikara egiten duten bidaia ikusgarria hobeto ezagutze aldera, bada, kumak dituzten 50 enara ikertuko ditu Aranzadi Zientzia Elkarteak.
Urdaibain ugaltzen diren enaren udazkeneko zein udaberriko migrazio bidea zehaztea da proiektuaren helburu nagusia, eta, horretarako, inguruko 25 baserri hautatuko ditu Aranzadik uztailean zehar. Horrekin batera, “gure enarek negu-pasarako Afrikako zein eremu erabiltzen duten jakin nahi dugu”, azaldu dute.
Geolokalizadoreak erabiliko dituzte informazio hori guztia lortzeko. Edorta Unamuno Aranzadiko biologoak azaldu duenez, 0,5 gramo pisatzen duten jarraipenerako gailu txikiak dira geolokalizadoreak, eta arnes baten bitartez lotuko dituzte enararen lepora, hegaztiari inolako kalterik eragin gabe. Gailuak enara bakoitzaren kokapen geografikoaren datuak gordeko ditu bederatzi-hamar hilabetetan. “Bi minuturo argazki bat aterako du geolokalizadoreak, leku bakoitzeko fotoperiodoa zehaztuz. Gailuak ordulari bat darama barruan. Orduaren eta argitasunaren datuen bitartez, enara zein lekutatik pasatu den jakiteko aukera edukiko dugu”.
Helburu hezitzailea
Baserrietako etarteetan egin ohi dute enarek habia; beraz, espeziearen biziraupena “baserri inguruari oso estu lotuta” dagoela nabarmendu du Aranzadik. Hori dela eta, proiektuan lagun dezaten eskatu diete etarteetan enarak umatzen dituzten Urdaibaiko baserritarrei, 94-625.11.57 telefonoaren edo aranzadi@birdcenter.org posta elektronikoaren bitartez eurekin harremanetan jartzeko eskatuz.
Baina, enaren inguruko informazio zabala lortzeaz gain, proiektuak badauka helburu hezitzaile bat ere. “Baserritarrek inork baino hobeto ezagutzen dituzte enaren ohiturak, biologia eta hegazti txiki honek dituen mehatxuak, baina gure helburua belaunaldi berriek nagusietatik zerbait ikastea da, eta, bide batez, hegazti horiek babesteko interes berdina ager dezatela”.
Izan ere, hainbat dira espezieak dituen mehatxuak; hala nola, “eurite handiek dakartzaten klimatologiaren aldaketa bortitzak, hotzaldiak…”. Dena den, nabarmendu dutenez, “hegazti honen gainbehera bultzatzen” duen heinean, gizakia da enararen mehatxurik handiena. Nekazaritza tradizionalaren galera, pestiziden erabilera gero eta handiagoa eta baserrien ordez etarte aproposik ez duten txaletak eraikitzeko joera aipatu ditu, besteak beste, Aranzadik. Hori dela eta, etxeetan habiaren bat aurkituz gero ez apurtzeko eskatu du Edorta Unamunok.
Behar izanez gero, proiektuaren inguruko informazio gehiago www.birdcenter.org webgunean dagoela gogoratu du Aranzadik.