Tradizioari eutsiz

Euskal jaia

Karrantza

Euskal Herriko ohiturei eusteko eta bertoko folklorea bultzatzeko asmoz, Euskal Jaia antolatu dute biharko Karrantzan. Bederatzigarren urtez egingo dute ospakizuna, Euskal Folklore Mendi-Harana kultur elkarteak eta udalaren laguntzarekin antolatuta.

Ahedo auzoan egingo dute jaialdia, ohi bezala. Egun osoan, era guztietako jarduera tradizionalak eta adin guztietako jendearentzakoak prestatu dituzte. Karrantzan, 2004an egin zuten lehenengoz Euskal Jaia. Ordutik, haraneko jaien egutegian ospakizun berezien artean dute gordeta karrantzarrek.

Karrantzako herritarrek parte hartu ohi dute Euskal Jaiko ekitaldietan, eta arropa tradizionalak jantzita ateratzen dira kalera. Antzinako soineko onenak saria ere izan ohi da; sari banaketak 20:30ean egingo dituzte.

Euskal dantzen garrantzia nabarmendu dute antolatzaileek; haien ustez, ez dira hartu beharmodu pasiboan ikusten den jarduera gisa soilik. Aitzitik, dantza horiek gal ez daitezen, urteetan bultzatu beharreko arte aktibo eta parte hartzaile gisa definitu dituzte Euskal Folklore Mendi-Harana elkarteko kideek.

11:00etan hasi, eta 02:00etara arte iraungo du egunak. Marmitako lehiaketa, herri kirolak, dantzak, belarra mozteko eta behiak jezteko prozesuen erakustaldiak… egitarau zabala izango da.

EGITARAUA

11:00. Txupinaren jaurtiketa. Jaiaren hasiera.

Ostean. Marmitako lehiaketa hasiko da.

11:30. Belar mozketa tradizionala eta behiak eskuz jezteko prozesua erakutsiko dute, Ahedo jauregian. Ordu horretan bertan, joko tradizionalak egingo dituzte.

12:00. Herri kirolak, Zurgai taldearen eskutik.

Bazkalostean. Bertsolariak.

17:00. Mus eta briska txapelketak eta haurrentzako ipuin kontalaria.

18:00. Dantza, Piko Oskizola taldearekin.

20:30. Sari banaketak.

21:30. Betiko jokoak, adin guztientzakoak.

21:30. Erromeria, Orotx taldearekin.

02:00. Txokolate jana eta jolasak.