Arteagako Udalean badute aurrera begirako asmo garbi bat: biztanle kopurua milatik gora jartzea. Egun, ez daude oinarrizko zerbitzu guztiak beteta, eta biztanleria gorakada batek zerbitzuak garatzea ekarriko duelakoan dago Alberto Etxebarria alkatea. “Pentsa, orain harategi bakarra dago, ez beste ezer. Arratsaldeko zazpietan litro bat esne erosteko, Igorre edota Areatzara jo behar izaten dugu. Inguruko herriek eskura dituzte zerbitzu guztiak. Beraz, guri ere 1.000 biztanleko muga igarotzea komeni zaigu, horrek ekarriko baititu bizitasuna eta garapen ekonomikoa herrira”.
Hiru agintaldi daramatza udalean, eta azken bietan izendatu dute alkate. Dioenez, “gauzak ondo” egiten ari direla-eta aukeratu dute beste behin herritarrek. Udaletxeko balkoira irten eta herria garai berrietara egokitzeko erronka, beraz, argia da agintaldi honetan ere.
Biztanleriaren gorakada lortzeko bidean, etxebizitzak eraikitzea da udalaren asmoetako bat, baina “inondik inora ere ez familia bakarrentzako edo birentzako”. Gakoa pisuetan atondutako 200 etxebizitza egitea dela argi du, “herritarrek herriko plazan egingo luketelako bizimodua; ez bakartutako etxe bateko lorategian”. Gazteen eginkizuna ere funtsezkotzat du alkateak, horiek ekarriko baitituzte umeak Arteagara, eta hortik eratorriko direlako gainontzeko denda berri eta zerbitzu guztiak. “Gauza bakoitza bata bestearen atzetik etorriko da”.
Argiteria eta uren hornidura egokitu edota auzoetako kaleak konpondu ostean, bete-betean sartu nahi dute eraikin soziokomunitarioaren proiektuan. Arteagan eskaintza zabala dago aerobik, pilates, yoga, eskulan tailer eta adinekoen gimnasia egiteko. Eskoletako gimnasioetan egiten dituzte orain, baina aurrera begirako asmoa “frontoia luzatu, metro koadro bi gehiago eman, eta 160 metro koadroko sala egokitzea da”. Bertan egingo lirateke arestian aipatutako ekintzak. Goiko aldean, gainera, 240 metro karratuko beste sala bat atondu nahi dute, gimnasioa kokatzeko.
“700 biztanle inguru gara, eta 18 urtetik gorako 100 biztanle pasatxok parte hartzen dute horietako ekimenen batean. Kopuru polita da; horrek toki bat eskatzen du, eta horretan ari gara. Erakin hori duela hiru urte hasi genuen. Zatika ari gara egiten, zorpetzearen bidea baztertuta”. Orain arte 1.047.000 euro gastatu dituztela argitu du Etxebarriak, eta 800.000 euro diru laguntzetatik lortu dituztela. Proiektua 2012ko amaiera aldera edo 2013ko hasieran amaituta egotea nahiko lukete. “Hori bukatuta, herriko kultur eskaintza osatuta geldituko litzateke: kultur etxea, haur eskola, eskola eta eraikin soziokomunitarioa edukiko genituzke herrian”.
Aurrekontuak, onartu gabe
Badirudi herriko eraikitze lanak martxa onean doazela, baina badira beste egoera katramilatsu batzuk ere. Aurrekontuak onartu gabe izan, eta iazkoak luzatu behar izan dituzte. EAJk proposatutako aurrekontuak atzera bota zituzten oposizioko Bilduk eta Aldatzen Herri Plataformak. Alberto Etxebarriaren iritziz, “plataformaren eskakizunak aurrekontuetan jasota egon dira, baina atzera bota dituzte. Beharbada, lotsa ematen die EAJri laguntzeak, kezkaz daudelako-edo besteek zer leporatuko dioten”.
Arteaga bezalako herri txikietan bizimodua bertan egin behar dela, kalean egon behar dela deritzo, jendeak zer nahi duen jakiteko. “Ez da soilik iritzi politikoak kontuan hartzea, baizik eta herritarren hitza ere entzutea. Esango nuke, oro har, Bildu eta plataformako kideak ez daudela egunero kalean”. Ezadostasunen gainetik, alabaina, elkarlanean adostutako hainbat gai ere badaudela onartu du Etxebarriak.
Herri txikietan denek elkar ezagutzen dutela eta, txutxu-mutxuak maiz egoten direla uste du. “Herri txikiek dutena da sarri jasotzen ditugula kritikak, gertutasunagatik. Baina gertutasun hori baliagarria da baita ere herritarrarekin hitz egin eta haiengandik hurbil egoteko”.
Txutxu-mutxuen erakusgarri gisa, gogoan du Etxebarriak Durangoko Erralde hiltegia itxi zutenean gertatutakoa. Arteagako sarreran gaztetxe bat dago, garai batean hiltegia izandakoa; eta oraindik ere hiltegi bezala izendatzen dute herrian. “Bada, Durangoko hiltegia itxi zutenean andre nagusi bat hurbildu zen niregana, gazteak gaztetxetik kanporatu genituela eta lotsarik ez genuela esanez. Informazio faltak edota desinformazioak, oro har, gaizkiulertuak ekarri ohi ditu. Gainera, herri txikietan denek elkar ezagututa biziagoak izan ohi dira txutxu-mutxuak”. Besteak beste, horregatik eskertzen du Etxebarriak herritarrek beregana jotzea, gauzak modu ulergarriago batean komunika daitezkeelako era horretan.