Lekeitioko jaialdian herriko taldeek osatutako bi antzezlan izango dira

Ezkutuan geratu diren istorioak kalera aterako dituzte gaurtik domekara egingo den Lekeitioko Nazioarteko Kale Antzerki jaialdian. 23. aldia dute aurtengoa. Hamalau lan antzeztuko dira, horietako sei euskal taldeenak. Herriko bi talde ariko dira; batek Mingorri txakurraren jatorriaz egingo du antzezlana, eta besteak Olatz Caminos presoak kartzelan bakartze egoeran bizitakoan oinarrituko du. Bi taldeak, hain justu, Lekittoko Deabruak eta Emakumeok Sortzen dira.

Sua, piroteknia, antzerkia eta musika erabiliko dituzte Lekeition Aste Santuko prosezioan ateratzen den Mingorri txakurraren istorioa antzezteko. Nire nia baino ez dut sormen lana, berriz, zuzeneko musika, gorputz adierazpena eta mugimendua, dantza eta irudia uztartuz plazaratuko dute.

Esperimentu gisa hasitako proiektua da Emakumeok Sortzen taldeak osatutakoa. Olatz Caminos presoak bakartze egoeran bizitakoa azaltzen duen testua oinarri hartu, eta presoen barne egoera hartu dute hizpide. Zazpi kutxa eta biluztutako zazpi emakumek beteko dute agertokia. Iluntasunean eta kale antzerkian posible den adinako isiltasunean abiatuko dute beren lana. Aurretik estreinatuta duten arren kalean lan egiteko moldaketak egin dituztela argitu du Ikerne Mendieta proiektuaren gidariak. “Estreinaldia leku itxi batean eta horretarako propio etorritako ikusleen aurrean egin genuen. Oraingoan ikuskizunak kalitatea gal dezake, erabateko iluntasuna eta isiltasuna lortzea zaila izango delako, hala ere, landuko dugun mezua erakusleiho handi batean agertuko dugu, eta hori oso ona da guretzat”.

Lekeitioko hainbat taldetako emakumek parte hartuko dute; guztira, 20 lagun arituko dira taula gainean zein atzean lanean. Aurreko ikuskizunarekin asebeteta gelditu zirela esan du Mendietak, eta oraingo honetan ere horrela izan dadin gura du. “Landu dugun gaia modu gordinean azaltzen dugu, bakartzeak berak berezkoa duen era berean; baina, amaieran, Caminosen testuan agertu ez arren, bakartuta dagoen preso bati bisita batek, eskutitzek eta herriak emandako bultzadak eragindako arnasa irudikatu dugu”, azaldu du.

Debruen talde gisa izendatutakoa osatzeko ideia, berriz, duela sei urte Kataluniako Diables taldea ezagutu zuenean otu zitzaion Gorka Rodriguezi. Ordutik, herrialde katalanetako hainbat talde ezagutu ostean, Lekeition gisa horretako taldeek izan duten harrera ona ikusita, mota horretarako ikuskizunak egingo dituen taldea sortzea pentsatu, eta Facebook bitartez taldea osatu zuen.

Estreinaldi aurretiko entsegua San Juan egunean egin zuten, eta Lekeitioko kaleak suz jantzi zituzten Lekittoko Deabruak taldeko kideek. Hala ere, Rodriguezek argitu digu larunbateko ikuskizuna guztiz ezberdina izango dela. “Aurrekoan bezala, musika eta sua lagun izango ditugu, baina, oraingo honetan, ikuskizuna landuagoa izango da”, esan du Rodriguezek. Herriko beste hainbat eragilek ere parte hartuko dute Lekeitioko kaleak hartuko dituen ikuskizunean; horien artean, rock taldeak eta Lekitto Bixirik-ek. “Istorio bat kontatzeko, sua eta pirotekniatik harantzago joan behar genuen, eta, horregatik, beste talde batzuen atea jo dugu”, argitu du.