“Emakumeenganako jarrera zelakoa zen erakutsi nahi dut: objektu hutsak ziren”

Oskar Benegas sendagileak (Bilbo, 1971) bere lehenengo liburua argitaratu du: Brujas del viento (Haizearen sorginak). Hannah Mac-Alpin Eskoziako printzesa, bere sendia bortizki hil ostean, Mundakara iritsiko da, bakarrik. Erdi Aroan lider bihurtuko da, emakumeak baztertzen dituzten garai batean.

Zure eleberrian, historia eta kondaira nahasten dira. Zer du historikotik eta zer kondairatik?

Urdaibai aldeko kondaira batean oinarrituta dago. Haren arabera, Europa iparraldeko edo Eskoziako —ez dago oso argi— neskato bat itsasontzi bikingo batean iritsi zen —dakkar batean—, eta hondartza batean utzi zuten, bakarrik. Printzesa bat zen. Kondairaren arabera, Jaun Zuria Bizkaiko I.a jaunaren ama izan liteke.

Kondairako datu horiek hartu, eta testuinguru historiko batean jarri ditut. Aztertu egin dut VIII. mende hasiera hartan nortzuk izan ziren Eskoziako errege-erreginak; Iberiar penintsulan zer gertatzen zen —Gaztela garai hartan ez zen erreinu bat, konderri bat baizik; beraz, bertako kondea nor zen begiratu dut; Iruñeko erreinua eratu gabe zegoen oraindik, sortzear zegoen…—. Testuinguru horretan jarri dut kondaira.

Zergatik oinarritu zara Hannah Mac-Alpin Jaun Zuriaren amaren irudian?

Hannahren izena fikziozkoa da. Ez dut inon aurkitu zein zen printzesa haren izena. Egia da Mac-Alpin familia Eskoziako koroaren oinordekoa zela garai hartan. Lurralde hura ez zen oraindik Eskozia, Albako erreinua baizik. Zergatik protagonista hori aukeratu? Oso txikia nintzela, eskolako liburutegian liburu zahar-zahar batzuk aurkitu nituen; besteak beste, Aita Barandiaranenak. Haren deskribapenak jasotzen zituzten, eta jakin-mina sortu zidaten.

Urteek aurrera egin, eta aita izan nintzen. Gutxi gorabehera, protagonistaren adin bereko alaba bat daukat —hamar-hamabi ditu Hannahk—. Pentsatu nuen zer izan zitekeen neskatxa batentzat itsasontzi batean eramatea, hondartza batean uztea, bera bakarrik; bizitza estatusa aldatu beharra, hizkuntza eta ohiturak jakin gabe… Itsaso nire alaba imajinatzen nuen egoera horretan, eta oso gogorra iruditu zitzaidan.

Erdi Aroan, normala zen indarkeria matxista, eta horren aurkako aldarrikapena ere egin nahi izan duzu.

Bai, hala da. Erdi Aroan emakumeak azken-azkenak ziren alor guztietan. Idatzi dut Hannah hondartzara iritsi, eta bertan zeuden arrantzaleek ikusten dutenean, Mundakako buruzagiak ikusi ere ez duela egin nahi. Neskatxa hori zaindu, bai; zaindu egin behar dela uste du buruzagi horrek, baina ez du nahi euren herrixkara joaterik, gastua ekarriko diolako.

Emakumeenganako jarrera zelakoa zen erakutsi gura izan dut. Objektu hutsak ziren: uste zuten haurrak izateko balio zutela, eta gauza gutxi gehiagorako.

Hannah, ordea, herritarrak asturiarren eta leondarren aurka altxatzea lortuko duen emakumea izango da, eta Jaun Zuriari —bere semeari— erakutsiko dio zelan egin behar duen borroka, berak, andre izanik, ezin duelako egin.

Zergatik aukeratu duzu izenburu hori?

Hannah Mundakara daraman itsasontziaren izenetik hartuta dago. Nik asmatutakoa da, dena den. Itsasontziak asko gustatzen zaizkit, eta aztertu egin dut dakkar horiek zelan egiten zituzten. Oso itsasontzi arinak eta azkarrak ziren. Erreketan barrena sartzeko gai ziren, sakonera txikia zutelako. Bikingoek eta eskandinaviarrek ezaugarri horiek erabiltzen zituzten hirian barrena oso azkar sartzeko. Sevillara arte sartzea lortu zuten.

Gerrak, klase desberdintasunak eta halakoak aipatzen dituzu liburuan. Zer azpimarratuko zenuke zuk?

Saiatu naiz azaleratzen, batez ere, garai hartan klaseen eta gizonen eta emakumeen artean egiten zituzten desberdintasunak. Gizonek emakumeek baino askoz erraztasun gehiago zituzten, denerako.

Eleberriaren hasiera gogor samarra da, eta historian murgiltzen du irakurlea berehala, itzulingururik gabe. Liburuak aurrera egin ahala, irakurtzen jarraitzeko nahi horrek irauten al du?

Nire ingurukoei liburuaren ezaugarriei buruz galdetuta, denak bat datoz: lehenengo orritik bertatik, harrapatu egiten zaitu.

Gogortasunari dagokionez, askok esan didate gauza bera; seme-alabak dituztenek, bereziki. Nik irakurri izan ditudan hainbat lanen zertzeladak ditu liburuak. Garai batean, Edgar Allan Poe asko irakurtzen nuen: Ipuin beldurgarriak, Arthur Gordon Pymen abenturak… Eragin hori, estalita baino ez bada ere, ageri dela uste dut: umeak hiltzeko modua idazterakoan, esaterako.

Zer senti dezake emakume batek —Hannahren amak, kasu honetan— semeak hiltzen dizkiotenean? 12 urteko biki bi eta 6 urteko neska bat dauzkat. Nire umeetako bat era horretan eskutik kenduz gero zer sentituko nukeen imajinatu hutsarekin, hotzikarak sortzen zaizkit. Horren bitartez, irakurlea harrapatzen saiatzen naiz, batetik. Eta, bestetik, kontrakoa lortu nahi dut: Aberrazioaren sentsazioa, pertsona batek umea besterik ez den beste bat hiltzeko moduaz baliatuta.

Dena den, hasiera batean ez zenuen asmorik istorio hau kontatzeko; buruan beste bat zeneukan.

Jatorrizko eleberria askoz ere luzeagoa zen; 1.200 orri inguru dauzka. Sartu-irtenak egiten ditu XXI., XII. eta IX. mendeetan. Hannahrena hasiera besterik ez zen, kontatzeko nondik zetorren mendeetan protagonista bihurtzen direnen familia.

Hainbat argitaletxetara eraman nuen lana, baina argitaratzea ezinezkotzat jotzen zuten, orri asko zituelako. Idazle berria izanik, gainera, saltzeko ezinezkoa zen. Laburtu egin behar zela esaten zidaten. Hasieran apaindura besterik ez zen pasartea hartu nuen, beraz; bukaera bat idatzi, eta nik neuk argitaratu dut.

Bigarren atala ere egongo da, beraz.

Bigarrena eta hirugarrena.

Trilogia bat?

Ez nuke trilogia gisa definituko. Liburu bakoitza bere aldetik irakur daiteke, independenteak dira. Aurreko liburuen erreferentziak dituzte, bai. Hala ere, posible da bigarren edo hirugarrena bakarrik irakurtzea. Bakoitzak istorioa eta argudio propioak ditu.

Argitaratuko dituzu?

Nik uste baietz. Bigarrena bukatuta daukat; maketazioa besterik ez da falta. Hirugarrena gordinago dago.