Credito de la Union Minera erreskatatu zutenekoa

1925eko otsailaren 10ean, Credito de la Union Minera Bilboko bankuak ordainketak eten zituen: administrazio kontseiluak kontuak faltsutu zituen urte luzez, mozkin faltsuak ere banatzeraino. Horren ondorioz, iskanbila handia sortu zen Bilboko ekonomia eta politika giroetan. Bankuaren porrota ezagutu eta egun gutxira egindako bilera baten ostean, Bizkaiko finantzaririk boteretsuenek bankuaren zorra bere gain hartzeko eskatu zioten Bizkaiko Foru Aldundiari. Izan ere, horietako askok bankuaren akzioak zituzten.

Aldundiak bilera egin zuen, akziodun pribatu batzuen galera diru publikoaren bidez estaltzea komenigarria zen eztabaidatzeko, eta, azkenean, 92 milioi pezetako zorra kitatzeko ardura hartu zuen. Arazo bat baino ez zen geratzen: Kontzertu Ekonomikoa 1927an berritu behar zen, eta kupo berria zein izango zen jakin aurretik aldundiak ez zuen arazoaren zama bere gain hartzea onartuko. Hala, Primo de Rivera diktadoreak Kontzertua urte eta erdi lehenago adostea onartu behar izan zuen, aldundiak bankuaren zorra ordaintzeko.