Bilboko merkatariak haserre daude, Espainiako Gobernua merkataritzaren alorrean prestatzen ari den araudiaren berri izan ostean. Turismo ugari erakartzea helburu izango duten hamalau hiriren artean Bilbo sartu du Mariano Raxoi presidentearen gobernuak. Ondorioz, modua emango du askatasun osoz zabaltzeko Bizkaiko hiriburuko guneren bateko saltokietako ordutegiak. Besteak beste, urteko egun guztietan zabalik egon ahalko dira aukeratzen den gune horretako dendak.
Bilbao Dendak elkarteak kritikatu egin du PPk diseinatutako plana. Hedabideetara bidalitako ohar baten bidez, gogorarazi du Ikusmer enpresak oraintsu egindako ikerketa baten arabera kontsumitzaileen %70en ustez ez dela beharrezkoa saltokiak igandeetan eta jaiegunetan irekitzea.
Horrez gain, uste dute proposatutako neurriek ez dituztela konponduko merkataritza sektoreak dituen arazoak. “Arazoa kontsumoa da”, azaldu du elkarteak, Juan Carlos Erkoreka presidenteak sinatutako oharrean. Eta “ez da kontsumorik izango enplegu egonkorra eratu bitartean”, gehitu dute.
Bilbo neurri horiek ezartzeko hirien artean aukeratu dute, planak aurreikusten dituen ezaugarri batzuk dituelako. Hain zuzen, 200.000 biztanletik gora dituzte aukeratutako hiriek. Horrez gain, iaz bisitatu zituzten turistei dagokienez, milioi batek gau bat igaro zuten han, eta itsas bidaietako 400.000 bisitari izan zituzten. Mariano Raxoiren gobernuak proposatutako araudia indarrean sartzen bada, Bilboko Udalak sei hilabete izango ditu erabakitzeko zein izango den egunero zabalik egongo diren saltokien eremua.
Bilbotik haratagoko aldaketa
Aldaketak, hala ere, Bilbotik haratago doaz, eta goitik behera aldatzen ditu Eusko Jaurlaritzak ezarritako arauak. Besteak beste, asmoa dute dendak astean zabalik egon daitezkeen ordu kopurua handitzeko. Hain zuzen, 72 ordukoa da oraingo ordutegia, eta 90 ordukoa ipini gura dute. Bilbao Dendak elkarteak salatu duenez, egunean hamabost ordu zabaltzeko aukera ematen du horrek. Neurri hori larritzat jo dute.
Bestalde, aurreproiektuaren arabera, merkatari txikien esku dauden 300 metro koadrotik beherako saltokiek askatasun osoa izango dute egunero zabaltzeko. Jaurlaritzak ezarri zuen hori egin ahal izateko 150 metro koadro baino txikiagoak izan behar zutela Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko saltokiek. Erakunde horrek onartutako legedia urratzen duela salatu du, beraz, Bilbao Dendak elkarteak. Alde horretatik, Eusko Jaurlaritzak asmoa iragarri du txosten juridiko bat agintzeko, aztertzeko zer ondorio izango dituen PPren gobernuak iragarritako lege dekretuak.
Dekretuak dekretu, elkarteak gogora ekarri du merkatariek eurek erabakiko dutela beren saltokiak zabaldu ala ez. Bilbao Dendak-ek dio errespetatu egingo dituela saltokiak ez irekitzea erabakitzen dutenak, eta baimendutako jaiegunetan zabaltzen dutenei, berriz, babesa agertuko diela. Dena den, azpimarratu dute gehienak ez irekitzearen aldekoak direla.