EAJk eta Bilduk Arratiako Udalen Mankomunitatean dituzten ordezkariek finantzaketa eredu berria adostu dute. Joan den igandean sartu zen indarrean. Erreformaren helburua izan da mankomunitateak malgutasun handiagoa lortzea.
Orain arte udalek hiru hilean behin ordaintzen zuten zegokien kuota, baina hilero ordaintzea adostu dute bi alderdiok. Hala, mankomunitateak etengabeko diru sarrerak izango lituzke, kutxan diru jarioa bermatuz eta udalei ordainketak erraztuz.
Udalen batek dagokiona ordaintzeko arazorik izango balu, mankomunitateari ordainketa modu berriak negoziatzeko eskaera egiteko aukera izango dute aurrerantzean. Hain zuzen ere, gaur egun badira kuotak ordaintzerakoan arazoak dituzten udalak. Hala, horiei denei 2016ko uztailaren 15a arteko epea ezartzen dio akordioak, egunean jartzeko. Dimako Udalarentzat aparteko baimena adostu dute: epe hori 2017ra artekoa izango da.
Etxebizitza bila
Arratiako Udalen Mankomunitatea kide diren udalekin harremanetan dabil, herriotan hutsik egon daitezkeen udal jabegoko etxebizitzak zein diren ezagutzeko. Izan ere, emakumeen kontrako indarkeriaren biktimentzako bizilekuak jasotzen ditu halako kasuei nola aurre egin finkatuz onartu berri duten protokoloak.
Horretaz gain, hipoteka ordaindu ezin eta bankuak edo aurrezki kutxak etxea kendu dien bailarako familientzako behin-behineko bizileku izatea ere aztertzen ari dira. Edonola ere, ez dute kalkulatu zenbat etxebizitza beharko dituzten.