“Gu lasai gaude. Hasitako pausoei eutsiko diegu, eta ikusiko dugu zertan geratzen den gai hori”. Hala laburbildu du Usansolo Herria segregazioaren aldeko plataformako kide Marisa Gonzalezek zer sentitzen duten Bizkaiko Foru Aldundiak auzoak udalerri bihurtzea debekatzen duen aurreproiektua onartu ostean.
Udalerri bateko auzo edo eremu bat banandu eta herri berria sortzeko prozesua debekatzeko lehenengo pausoa eman berri du aldundiak. Hain zuzen ere, joan den martitzenean onartu zuen Gobernu Kontseiluak lurralde mugapeei buruzko foru arauaren aurreproiektua.
Plataforma horretako kideek uste dute Usansolo Galdakaotik bereizteko eskaerak aurrera egin dezakeela aldundiak egindako iragarpenak iragarpen. “Duela 25 urte hasi genuen guk prozesu hau, gure lana eta eskaria aspalditik datoz. Oraingoz, oso lasai gaude. Aurrera jarraituko dugu”, nabarmendu Gonzalezek. Gogora ekarri du, gainera, araua “onartu gabe” dagoela.
Juan Mari Aburto aldundiaren bozeramaileak Gobernu Kontseilua bukatu ondoren azaldu zuenez, erabakia zentzuzkoa da: “Ez da eskaini behar dituzten zerbitzuak eman ezin izango dituzten udalerri oso txikiak sortzeko unea”. Aitzitik, haren arabera, “baliabideen kudeaketa egokiagoa” erraztu behar da. Eta horrek udalen tamainarekin zerikusia duela deritzo. Usansolo Herria plataformak ez du bestelako azalpenetan sartu gura izan. Gogora ekarri du aldundian segregaziorako pausoak ahalik eta azkarren abiatzeko eskaria egin zutela joan den apirilean. “Uste dugu aldundiak zabaldua duela bideragarritasuna aztertzeko ikerketa. Beraz, baikorrak gara. Aukera, oraingoz, ez dugu galdu, eta aurrera jarraituko dugu”.
Horren harira, Aburtok esan duenez, aurreproiektuak xedapen iragankor bat jasotzen du, eta, horren arabera, orain espedienteren bat tramitean baldin badago, foru arau horrek ezarritakoaren arabera jarraituko du haren erregulazioak. Entitate lokal txikienak gaur egun daudenak izango direla ere badio aurreproiektuak, “gehiago ez”.
Beste herri bati lotzea, zabalik
Udalerri batetik banandu eta ondoko beste herri bati lotzeko aukera zabalik uzten du aurreproiektuak. Baita bi udalerri edo gehiago elkartu eta berri bat eratzeko aukera ere. 2005ean gertatu zen, azkenengoz, udalerri baten segregazioa: Ziortza-Bolibar Markina-Xemeindik banandu zen, 1969an anexionatu ostean.