Udal Etxebizitzak-ek kaleratuei emango die lehentasuna

Udal Etxebizitzak Bilboko udal erakundearen kontseiluak araudi orokor berriaren zirriborroa aztertu du asteon. Herritar asko eta askori eragiten baitio, araudi horren helburua da krisi egoerak sortutako garaietara egokitzea, kontuan hartuta langabezia tasak gora egin duela, eta areagotu egin direla ekonomiaren etorkizunak sortzen dituen zalantzak eta euren etxebizitzetatik kaleratzen dituztenen kopurua. Horri aurre egiteko, besteak beste, pertsona horiei emango die lehentasuna Udal Etxebizitzak erakundeak: etxearen hipoteka ordaindu ezin izateagatik kaleratutako herritarrei, hain zuzen ere.

Oraingoz, eztabaidatu dutena zirriborro bat besterik ez da. Dena den, bertan, hiru jarduera ildo berri sartu dituzte; tartean, krisiak gogor astindu izanaren ondorioz euren etxeetatik kaleratu dituzten herritarrei laguntza ematea. Bestalde, behar gehien duten herritarrek esleipena errazago lortzea dute jomuga. Azkenik, ondare publikoaren barruan enpresa berriak sor daitezen, ekintzaileei laguntza ematea dute helburu, lokalen parkea mugiaraziz.

Zozketa sistema, baztertuta

Esleipena egiteko sistema orokorra egokitasunaren araberako kasazioa izango dela aurreratu dute. Betiere, etxebizitza parkearen babes erregimenak hala eskatuta, beste sistema bat ezartzen ez bada. Beraz, zozketa sistema baztertu egingo dute. Sistema horren emaitzek ez dute balorazio onik jaso; kasu batzuetan, esleipenetan gertatutako atzerapenen ondorioz, eta, beste batzuetan, esleipen horiek ez direlako egokitzat jo. Esaterako, noizbait pertsona bakarrari hiru logelako etxebizitza bat egokitu zaio.

Kasuen egokitasunaren araberako esleipen sistema ezarrita, erroldatuta dauden herritarren eskariari eta horren bilakaerari erantzuna emango dioten zenbait kopuru ezarri dituzte: 35 urte baino gutxiago dituztenentzat, etxebizitzen %45 izango dira; urritasun fisikoa dutenentzat, %2; genero indarkeriaren biktimentzat, %5; guraso bakarreko familientzat, %15; 70 urtetik gorakoentzat, %5; 35 urtetik gora izanik erroldatuta hamar urtetik gora daramatenentzat, %23; kupo orokorra, azkenik, %5ekoa ezarri dute.

Bilboko Udalaren ustez, egokitasunaren araberako esleipenek etxebizitza parkea hobetzeko aukera ematen dute. Izan ere, haien ustez, etxebizitza bakoitza errenta ordaintzeko aukera izango duenari eta etxebizitzaren ezaugarriei etekin gehien aterako dizkion familia unitateari esleitzen zaio.

Etxebizitza bat eskatzen duten herritarrei dagokienez, luzatu egingo dute etxebizitza erroldan egon beharreko denbora. Orain arte bi urtekoa zen, baina aurrerantzean hiru urtera luzatzea proposatu dute.

Irailean egingo dute bozketa

Kontseiluan ordezkaritza duten alderdi politiko guztien ekarpenak kontuan hartuta eratu dute araudi nagusiaren zirriborroa. Besteak beste, PPk lehentasuna “bertokoei” ematea aldarrikatzen zuen liburuxka bat argitaratu zuen joan den hilean, diskriminazio positiboa dela tarteko araudiak etorkinei lehentasuna ematen ziela argudiatuta.

Alderdiek aztertu eta gero, proposamena araudi proiektu bilakatuko da, eta, aurreikusitakoaren arabera, datorren irailean egingo duten kontseiluaren hurrengo bileran eztabaidatu eta bozkatuko dute.

Bilboko Etxebizitzak erakundeak 3.866 etxebizitzak osatutako higiezinen parkea kudeatu eta mantentzen du. Horietako 90 urritasunen bat duten herritarrei zuzenduta daude. Horrez gain, 1.102 lokalen kudeaketa ere bere esku dauka. Etxebizitza eta lokal horiek Bizkaiko hiriburuko barruti eta auzo guztietan sakabanatuta daude.