Solstizio hondarrak

Ikasturtea amaitzeaz bat kiskali dira neguaren beltza eta ezinen lizuna su hondarrean, San Joan berde, San Joan berde, garitzak eta artoak gorde, sorginak eta zapoak erre, biba San Joan berde. Oporrak hartzeko ordua dela oihukatu didate irratitik, beherapenak, tres por dos, tarifa plana, asteburu pasa, zatoz arin, kostaldea hurbil, barrualdea duin, berdegunea bai, bungalowa ere bai, baserria hor, etxe merkea han, hotela salgai, zaldian lasai, termetan jai, bizikletan alai, haurrak dohain, bonua opari.

Ez dela produzitzeko sasoi aproposena aldarrikatu didate telebistatik ere, zuzen zein zeharka, txiribuelta bikoitz eta guzti, nahiz eta gutariko askoren laneguna ez den oraindik eten; nahiz eta gutariko askoren eskuak, oraindik, beharren langetara eta halabeharrezko zereginetara lotuak egon.

Hala ere, mezu antzuak eta alferrikako iragarkiak gorabehera, argi nerabez bete dira uda beteko gogoak eta motxila nekatuak horma bazterrera jaurti dituzte etxeko txikienek haurtzaro luzatuen aisialdia aldarrikatu guran.

Festaren dirdira etorri da gero arruntasunaren arnasa arintzera. Eta txarangen deia. Eta mahuka motzen zirrara. Eta entsalada, pintxo-potea, sagardoa, garagardoa, txakolina, txapliguak, pin-pan-pun. Eta gau pasa, furra-furra.

Zerrenda bat egin dut, bada, aldi berriari neurria hartzeko edo. Hara hor zutabe arrunt bat asmoen ganbaran: poesia irakurri, zerbait ikasi, udazkena prestatu, ur ertzetik ibili eta berben arrantzan konturen bat harrapatu. Zer falta da?

Bisitak falta dira. Kanpoko haizea falta da. Etxe barruko obrak falta dira. Eta galderak falta dira. Zer moduz gabiltza, ba? Konponduko al dugu, jada, konpondu beharrekoa?

Erantzun garbirik ezean, errieta egin diot nagiari, ez dadin hain pelma jarri. Eta, honenbestez, borondatearen leihoa ireki dut ea benetako grinak hauspotzen hasten naizen behingoz.

Gero, gau hondarrean, egunsentiko izarrei begira nagoela, ohartu naiz oraindik mundu barrenekoak ezagutzea falta zaidala. Ipar hemisferiotik hego alderantz egin dut salto, bada, mapetako ametsen bidez izan arren, asmoa erreala baita: ez gaitzala lausotu fandangoen algarak, ez gaitzala itsutu albisteen dardarak.

Geruza urdin goiztiarrari beha nagoela aireratu dira, azkenik, txori udatiar bi, sanjoanetan kuku, sanpedrotan mutu, txoriaren izena arestian aipatu.

Mezu bat bidali dit alabak: etxe ona tokatu zait, lagunak egin ditut, ondo nago, musu bana, laster arte, agur. Egutegiaren orri berrirantz altxa dut burua. Bihar zortzi, San Fermin.