Bizkaian finkatua eta Arabari etengabe begira, aldi berean. Horrelakoa da Otxandio, hemengo baina hango, Bizkaiko ertz batean gordeta dagoen herria. Bertako kale kantoi estuek istorio zaharrak agerian uzten dituzten arren, etorkizunera begira daude otxandiarrak. Santi Uribe da alkatea azken udal hauteskundeetatik hona. Udaletxeko martxa ez zaio arrotza, ordea; aurreko legegintzaldian Batia izeneko herri plataforman egon baitzen zinegotzi gisa. Hala ere, onartzen du alkate izateak “konpromiso maila handiagoa” eskatzen duela.
Etorkizunera begira, “bere alor guztietan euskaraz arituko den Otxandio bat” ikusi nahiko luke Uribek. “Herri nortasunari, auzolanerako grinari, eta ingurumenarekiko errespetuari eutsiko dien herria. Bere etorkizuna erabakitzeko eskubidea duen Euskal Herri batean, gainontzeko udalekin elkarlanean”. Hori guztia lortzeko bidean, esku artean dituzte hainbat ideia. Herri-ola izeneko egitasmoa abiatu zuen udalak, eta, bertan, otxandiarren parte hartzeari esker, herriarentzat interesgarri ziren proiektuak garatu dituzte: Oreka, Ura eta Nagusi, besteak beste.
“Oreka proiektua iraunkortasunari lotutakoa da. Energia fosilekiko dugun dependentzia gutxitzeko, inguruak eskaintzen dizkigun baliabide iraunkorrak garatu nahi ditugu, ahal den neurrian, Otxandiok bere energia propioa erabil dezan”. Biogasa edo biomasari dagozkion azterketak egin dituzte, herriko basoek zer eskain dezaketen ikusteko.
Ura proiektuaren kasua ere hor dago. “Urari ematen diogun erabilera, estolderia sarea eta araztegia; halako gaiak aztertu ditugu. Araztegiari dagokionez, badugu proiektu bat buruan, arazketa metodo natural baten bidez egingo lukeena”.
Bestalde, gero eta zaharragoak dira biztanleak, eta horien beharrak bildu dituzte Nagusi proiektuan. “Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak osasun zentro berria egiteko asmoa du herrian, eta aukera ikusi dugu eraikin berean nagusientzako gune bat ere atontzeko”. Horretaz gain, nagusien egoitza ondoko eraikina erosi dute. Orain, denbora tarte bat hartu nahi dute taxuzko zerbait antolatzeko. Basoarena, urarena edota adinekoena izan, “proiektuak ikertzen” ari direla azpimarratu du Uribek.
Egitasmoak aurrera ateratzeko dirua behar dela kontuan hartuta, eta arazoen artean izarra krisi ekonomikoa izanik, Uribek herriko egoera nolakoa den deskribatu du. Merkatari txikiak “estu” dabiltza, eta Legutioko (Araba) Holtza enpresak zailtasunak dituenez, hainbat langile langabezian gelditzeko arriskuan daude, tartean, zenbait otxandiar ere bai. “Egungo errealitatearekin bat dator gure herriko egoera”, dio.
Udalaren egoera ekonomikoari dagokionez ere kexu da Uribe, udal finantzaketarekin “arazo orokor” bat dagoelako. “Bizkaiko Foru Aldundiak banatzen duen Udalkutxatik diru sarrera jakin bat iristen zaigu urtero, baina ez dakigu zenbat bueltatu beharko ote dugun. Merkatuei begira egon behar izaten dugu, itzuli beharko duguna kalkulatzeko. Ziurgabetasun nabarmena sortzen digu horrek. Esango nuke udal administrazioen eta foru aldundiaren artean beste funtzionamendu bat garatu beharko genukeela”. Bizkaiko Bildu azkenaldian udal finantzaketaren inguruko hausnarketa eske dabil, hain zuzen. Hori dena gutxi ez, eta hirigintzaren sektoretik eratorritako diru sarrerak ere bere horretan gelditu zaizkio Otxandioko Udalari, egoeraren larriak etena eragin duelako eraikuntzaren sektorean.
Muga eta babesa
Bizkaiko ertz batean bizi eta metropoli guneetatik zertxobait aldenduta egonda, zailtasunak dituzte otxandiarrek garraio publikoa erabiltzeko. Durango (Bizkaia) eta Gasteiz (Araba) lotzen dituen autobus lineak bertan egiten du geldiunea. Baina, hala ere, arazo franko dute herritarrek. “Bi herrialde lotzen dituen lerro baten menpe gaude, autobusen maiztasuna ez da batere egokia, eta gertatu izan zaigu autobusa beteta iritsi eta bertara ezin igotzea. Hala, Gasteizera lanera joan behar eta ezinean gelditu da jendea”. Berriki, ordea, gutxiengo batzuk adostu dituzte Alsa autobus konpainiarekin: autobusa beteta etorriko balitz beste bat jarriko lukete hortik bost minutura, errefortzurako. Bestalde, txartel sisteman ere hobekuntzak egingo dituzte.
Lurraldeko txoko batean egoteak mugatu egin du herritarren jarduna, baina badira babestu diren beste ezaugarri batzuk ere. Zertxobait isolatuta egote horrek babestu egin du otxandiarren arteko auzolana, elkarlana. Bizi-bizirik dute sen hori. Aurki santamañak (Santa Marina jaiak) ospatuko dituzte, eta, azken zortzi urteetan egin bezala, herritarrek hartuko dute kaleak garbitzeko ardura. Gauez parranda, eta, goizez herri garbiketa. Horrelakoa delako Otxandio, muga geografikoen artean kokatua eta auzolanaren babeslekua aldi berean.