Tartekari Sarea izeneko egitasmoa jarriko du martxan irailetik aurrera Bizkaiko Foru Aldundiko Gizarte Ekintzako Sailak. Pilar Ardanza alorreko diputatuaren esanetan, oraingoz 2013a bukatu arte egongo da martxan, proba modura. Emakumeen kontrako indarkeriaren biktima direnei laguntza emateko helburua dute. Horretarako, Bizkaian dauden andreen elkarteetako boluntario batzuk trebatu dituzte. Jarduteko eremua euren inguru naturala izango da.
Bizkaian dauden 80tik gora emakume elkarteetatik zazpik agertu dute interesa. Hala, horietatik 20 boluntario ibili dira martxotik hona formazio ikastaroa egiten. Ardanzaren esanetan, zazpi elkarteok Bilbokoak, Enkarterrikoak eta Uribe Kostakoak dira. Beraz, oraingoz eskualde horietan egongo da sarea hedatuta. “Hedabideen bitartez ezagutzera eman ostean, espero dugu elkarte gehiago eta andre gehiago interesatuko direla eta guregana joko dutela parte hartzeko asmoz. Hala, Bizkai osora zabaltzea gustatuko litzaiguke, eta hurrengo honetaz berba egiten dizuegunean, 100 edo 200 andre ditugula esan”; horrela agertu du diputatuak bere itxaropena.
Emakume horiek oso ezberdinak dira esperientziari, adinari, jatorriari, osasun egoerari eta beste hainbat faktoreri dagokienez. Hala, haien inguru naturalak ere askotarikoak izango dira.
Ardanzaren esanetan, programa honek “gizarteko baliabideen deszentralizazio eraginkorra” dakar. “Gizarte zibilak matxismoaren kontrako borrokan parte hartzea da politika horren oinarria”.
Hogei emakume boluntario horien zeregina euren elkarteetan eta euren inguruan indarkeriaren aurka lan egitea izango da. Jendea kontzientziatu eta, gertuko andreek indarkeriarik jasoz gero, hori antzemateko konpromisoa hartu dute. Ardanzaren esanetan, indarkeria kasu guztiek hainbat seinale izaten dituzte. “Seinale horiek zein diren jakinez gero, erraz igar daiteke nor ari den indarkeria sufritzen”.
Behin ustezko biktima zein den jakin ondoren, harengana gerturatzea izango da boluntario horien zeregina. “Baina ezin zara edonola hurreratu. Ezin diozu biktima bati ‘badakit indarkeria sufritzen duzula’ esan. Bestela, uzkurtu egingo zaizu eta ez du zurekin ezelango hartu-emanik izan nahiko. Jakin egin behar da andre horiengana nola jo”. Hala, bada, ikastaroan horretarako teknikak zein diren ere azaldu dizkiete. Ondoren, behar duten laguntza eta babes osoa eskainiko diete. “Biktima bakoitzak jakingo du zer premia duen. Nahi duenak jarriko du salaketa, eta nahi ez duenak, ez. Ez guk, ez boluntarioek ez dugu inor behartuko. Baina jarri nahi duenari, horretan lagunduko zaio. Dituen babes protokoloak zein diren azalduko zaizkio, eta administraziora laguntza eske joaten lagunduko zaio”.
Izan ere, Ardanzak aitortu du teknikariek ezin dituztela kasu guztiak atzeman. Hala, gizarteak asko egin dezakeela bere inguruari erreparatuz gero. “Indarkeria muturrera doanean, sarri entzuten dugu auzokoen hitzetan halako bukaera bat espero zutela. Denek bazekiten zer gertatzen den, zergatik ez da ezer egin? Teknikariak ezin dira denetara iritsi, baina, sare zabal bat osatuz, kasu gehiago atzemango ditugu, eta muturrera iritsi aurretik”.
Irailetik, proiektua martxan jartzen denetik, teknikariz osatutako hezkuntza talde horren babesa izango dute boluntarioek. Edozein zalantza izanez gero, haiengana jotzeko moduan izango dira, eta talde horrek proiektua gertutik jarraituko du dena ondo doala ziurtatzeko. Ikastaroan aztertu dituzten gaiak ondokoak dira: feminismoa, andreen jabekuntza, bikoteak edo bikote ohiak eragindako emakumeen kontrako indarkeria, biktimen seme-alabak, boluntariotzatik laguntza eskaintzeko trebetasunak eta esku hartzea egiteko baliabide eta programa espezifikoak.
Boluntarioak, pozik
Diputatuak adierazi duenez, parte hartzen ari diren emakumeek egin duten balorazioa “oso positiboa” da. Baita moduluetan irakasle ibili diren teknikariena ere. “Azpimarratzekoa da andre horiek agertu duten interesa: dela parte hartzen, dela norbere iritzia adierazten, zein beste batzuen iritziak entzuten. Baita emakumeen bizi errealitatearen aniztasunaren berri izaten eta ezagutzen”.
Ardanzarekin batera, Fekoor urritasun fisikoa edota organikoa duten pertsonen Bizkaiko elkarteko kide Ana Bravo eta Escribe y Lee elkarteko Rosa Maria Mielgo egon ziren gaur zortzi egindako aurkezpenean. Mielgok azaldu du bere elkarteko boluntarioa biktima izandakoa dela, eta kontatu diela halako babes programen beharra sentitu zuela berak. “Biktima izandako batek badaki zeren premia izan dezakeen gaur egun biktima denak”. Bravok urritasuna duten pertsonen artean horrelako babes sarea egotearen premiaz ohartarazi du: “Gure egoera pertsonala dela eta, emakumeen kontrako indarkeria kasuetan guk sufritzen dugun babesgabetasuna gainontzeko andreena baino larriagoa da”.