Euzkaditik at, amorruz

Frankistek Bizkaiaren aurka egin zuten erasoaldiak 80 egun iraun zuen. Eguneko, bataz beste 500 metro aurreratu ziren, baina Bilbo eskuratu ostean aurrerapena azkartu egin zuten, nabarmen. Hori dela eta, 1937ko uztailaren bezperetan Kantabriako mugetan zeuden, Iparraldeko frontea deitzen zutena behin betiko bukatzeko asmoz. Euzko Gudarosteak, berriz, galerak handiak izan zituen. Bilbo inguruan izan ziren azken gudaldien bezperetan, Euskal Armadak 43.000 soldadu bazituen ere, Santander aldean Ipar Armadako XIV. atala berrosatu zenean, 36.000 lagun zituen. 7.000 gutxiago, beraz. Horietatik asko hilik edo zauriturik zeuden, gainontzekoak Bilbon, Barakaldon… errenditu ziren.

Kantabriara jo zutenek derrigorrezko hainbat berregituraketa pairatu behar izan zituzten. Goi-goian, agintari berriak ere ezarri zitzaizkien, eta Euzko Jaurlaritzak 1936ko urriaz geroztik eraturiko armada urtu egin zen aipatutako Ipar Armada hartan. Bizkaia galtzearen ondorio zuzenetako bat zen. Irujok, urte dezente geroago, horren gainean erran zuena, “Bilbo galduta, gu ez ginen inor nazioarteko ezbaietan”, ekar zitekeen Estatu mailara ere. Izan ere, Jose Antonio Agirre lehendakariak euskal armada itsasoz eta Frantzian barrena, Katalunia aldeko frontetara eramateko egindako proposamena antzua suertatu zen. Espainiako agintari errepublikanoek kontrako jarrera irmoa azaldu zuten. Era berean, Santanderren, bertako agintariek eta ezkertiarrek mespretxuz hartu zituzten hara joandako gudariak eta milizianoak. Euskal armada deseginda, euren bataloiak aipatutako Iparraldeko XIV atalean berregituratu zituzten, Putz, De Pablo, Barzana bezalako goi militar ezkertiarren menpe ezarri zituztelarik.

Hasieran, Enkarterrira jotzen zuen fronte berrian erasotzeko gertu zeuden, baina Kolitza berreskuratzeko izandako saio odoltsuaren ostean, Bizkaian,aurreko hilabetetan izan zuten joera, hots, defentsarena nagusitu zen. Horretarako lagungarri izan zuten Madril aldean, armada errepublikanoak egindako Bruneteko erasoaldia. Horrek iraun zuen bitartean, frankistek zokoratu egin behar izan zuten Iparraldeko frontea. Bukatutakoan, baina, berriro Davilak eta enparauek Kantabrian jarri zuten jomuga.

Tarte horretan, geldirik egon ez zirenak EAJko hainbat buruzagi izan ziren. Juan Ajuriagerra gidari, Santoña aldean hilabete pare eskas baten buruan gauzatuko zen euskal batailoien gehiengoaren errendizioa prestatzen ari ziren. Inozokeria handiz, gudari gehienek alde egiteko aukera izanen zutelakoan, edo okerren jota, armada italiarraren menpe gelditu zirelakoan, Ajuriagerra eta Onaindia jelkideen aldetik eta Cavalleti eta Roatta faxisten aldetik, harremanetan ari ziren euskal armadakoek amore eman zezaten. Ez zen bakarrik agintari hainbaten nahia. Gudari asko, etsipenez eta amorruz jota, horren alde zeuden. Euzkadiren alde “dana emon biar yako” zioten batzuk, dagoeneko ez zeuden prest Euzkaditik at borrokatzeko. Bizkaiko erasoaldian sufritu zutena sufrituta, eta gobernu errepublikanoaren aldetik behar-beharrezkoa izan zuten laguntzarik jaso ez izanak, ahuldu egiten zituen borrokan jarraitzeko gogoak. Zauri horrek ulergarri bihurtzen zituen Laredon, Limpiasen eta Santoñan egindako erretirada eta errendizioa. Hala ere, izan ziren Kantabrian eta Asturiasen borrokan jarraitu zuten euskal milizianoak; baita trukearen bitartez 1938an ateratako hainbat gudarik gerrari beste frontetan heldu ziotenak. Frankistek El Dueson bertan —Santoñako espetxea— martxan jarritako errepresioak urte luzez iraun zuen, eta argi erakutsi zien Euzkaditik at ere Euzkadiren alde borrokatu beharko zutela.