Alde zaharrerako autoen sarrera teknologiko bihurtu dute Balmasedan

Balmasedako alde zaharrean ibilgailuarekin sar daitezkeen herritarrentzat “onurak” ekarriko dituen sistema teknologiko berri bat probatzen ari da bertako udala. Hala azaldu du proiektuaren arduradunak, Gerardo Etxabe informatikariak.

Hain zuzen, orain arte, ibilgailuetako gidariek txartel bat jarri behar zuten sarreretan zeuden makinen aurrean; aurrerantzean, kamera batek ibilgailuaren matrikula irakurriko du, eta, auto horrek dituen baimenen arabera, sarbidea baimendu edo ukatu egingo dio.

Balmasedako Udalaren arabera, “aitzindaria da” eurak martxan jarriko duten sistema. Izan ere, estalpeko aparkalekuetan ohikoa bada ere, aire zabalean orain arte horrelakorik ez dela jarri martxan diote.

Sistema martxan jartzen ari dira dagoeneko. “Sistema informatikoan datuak sartzen ari gara eta datuok sartu ahala, funtzionatzen ari da. Dena den, ondo dabilen probatzen ari gara. Proba aldian gaude, eta hilabete edo bi hilabete iraungo diu prozesu honek”, esan du Etxabek. “Arazorik dagoen, kameraren bati ukituren bat egin behar zaion, argiztapena egokitu —izan ere, sistema horrek gauez ere funtzionatuko du —…”, hainbat gauza probatu behar dituztela azaldu du, sistema behin betiko martxan jarri aurretik.

Funtzionamendua

Teknologia berri horrek funtzionatzeko matrikula irakurtzen duen kamera bat jarri du udalak. Programa informatiko batek kamerak jasotako zenbakia hartu, eta datu basean begiratzen du zenbaki horrek ordezkatzen duen matrikula izena emanda dagoen edo ez baieztatzeko. Ordutegi horren barruan alde zaharrean sartzeko baimena baldin badu, sartzen utziko dio; gainerakoan, ez.

Informatika arduradunak azaldu duenez, txartelaz gain matrikula irakurriko dion sistemaren barruan sartu nahi duenak eskatu besterik ez du egin behar. Orain arte bezala jarraitu nahi duenak —txartela soilik erabilita— , berriz, hala egin dezakeela ere esan du. “Dena den, nik uste dut zerbitzu osagarria eskaintzen dugula: orain arte txartela erakutsi behar zen, eta aurrerantzean ez da horrelakorik egin beharko. Sarrera aurrean jartzearekin nahiko izango da”, esan du.

Txartelak eta matrikula irakurgailuak, biek batera funtzionatuko dute oraingoz. Horretarako arrazoia azaldu du Etxabek: Sistema teknikoak matrikulak irakurtzeko zailtasunak dituenetan —euri asko den kasuetan edo matrikulak irakurketa zailtzen duen kalteren bat baldin badu, esaterako— txartela erabiltzeko aukera zabalik geratzen da.

Sistema hori martxan jarri ahal izateko, erabiltzaile bakoitzak txartel bakoitzari dagokion ibilgailuaren matrikula zenbakia zein den jakinarazi beharko dio udalari. Horrez gain, Enkarturren bulegoetako azken solairuan eta udaletxean bertan dagoen inprimaki bat bete eta entregatu egin behar da. Inprimaki hori posta elektroniko bidez udalera helarazteko aukera ere badago, peatonalizacion@balmaseda.net helbidera helaraziz.

Millonario zubiko aldaketak

Bestalde, Millonario zubirako sarbidea ere aldatu egin dute. Orain arte, urrutiko aginte baten bitartez zabaltzen zen sarbidea. Aurrerantzean, leku horretan ere txartel bidezko sistema ezarriko dute; matrikulak irakurtzeko sistema erabiltzeko aukera ere emango dute, gainera.

Hori dela eta, agintea darabiltenek aldaketa egin beharko dute Enkarturren bulegoetan. Datuak eguneratzea ere nahitaezkoa izango dela esan dute udalekoek.

Sistema berria martxan jartzeko udalak diru laguntza bat jaso duela jakinarazi du Etxabek. Beraz, erabiltzaileentzat doakoa izango da.

Dena den, txartela eskuratu behar dutenek —Millonario zubiko erabiltzaileek, adibidez—, sei euroko bermea eman beharko dute. Urrutiko agintea entregatzen dutenei, aurretik eman zuten bermearen dirua bueltatuko dietela azaldu du Balmasedako Udalak.