Herri txiki eta polita ikusten du Mikel Ansotegi Aulestiko alkateak udaletxeko balkoitik begiratzen duen bakoitzean. “Herritarrek eraikitako herri bizi, aktibo eta alaia” dela iruditzen zaio.
Aulestik txoko interesgarri ugari dituen arren, erreka alboa eta Santa Eufemiko tontorra ditu bereziki gogoko alkateak. “Haurtzaroko eta gaztetako oroitzapenak etortzen zaizkit burura, eta horregatik dut gogoko erreka ondoko ingurunea. Santa Eufemiko tontorra ere aipagarria iruditzen zait, Urregaraiko tontorretik Lea-Artibai eta Busturialdeko ikuspegi paregabea dagoelako”.
Urtebete igaro da Ansotegik kargua hartu zuenetik, eta lanerako daukan taldearekin eta herritarrek udalaren erabakietan izandako parte hartzearekin gustura dago Aulestiko alkatea. “Udalean beharrean ari garen guztiok berriak gara, eta oraindik udalaren funtzionamendua ezagutzen ari gara. Hala ere, bitarte honetan, hartu beharreko erabaki ugari hartu ditugu”, adierazi du.
Udalean lanean daraman urtearen balorazio bat egitekotan, egindako lanari erreparatuta, balorazio positiboa egingo luke Ansotegik. “Lehenengo, udalaren erradiografia bat egin dugu, udala zein egoeratan dagoen ikusi eta egoera hori hobetzeko lehenengo neurriak hartzen hasteko. Horren ostean, aurrera begira zehaztu beharreko lehentasunak zehaztu eta ordenatu ditugu, betiere, herritarrekin batera beharrizanak kontuan hartuta”.
Hurrengo pausoa lehentasun horiek garatzea izango da, eta, horretarako, krisi garaietako murrizketak kontuan hartuko dituzte Aulestiko Udalean.
Aurrera begira zehaztutako lehentasunetan, herritarrek etxez etxe egindako inkestan esandakoak jaso dituzte, eta, orain, proiektuak martxan jartzeko momentua iritsi da. “Herritarren beharrizanak dagokien batzordean bildu ditugu, eta, batzorde horietan parte hartzen dugun guztion artean eztabaidatu ondoren, lehentasun zerrenda bat osatu dugu. Lan hori burututa, aurten, Murlako zerbitzu eta teknologia berrien parkea eraiki eta herriko argiztapen sistema aldatu gura dugu, eraginkortasuna lortzeko asmoz. Modu horretan, urteko argiaren gastua jaitsi eta aurreztutako dirua beste proiekturen batean erabiliko dugu”.
Sortutako batzorde edo lantaldeen zeregina garrantzitsutzat jo du Aulestiko alkateak. Orain arte, hiru lantalde jarri dituzte martxan, eta lantalde horietan proiektu ugari garatzen hasi dira. Eskubideen lantaldean, esaterako, Aulestiko eskubideen lantaldeak proposatuta, Lea Ibarreko Amankomunazgoak berdintasun plan bat egingo du. “Lantalde horretan, gure eskubideak bermatzea eskatu gura dugu. Adibidez, BBKren bulegoa bi egunez zabaltzen zuten lehen, eta, orain, egun bakar batez. Lantalde horretan, erabaki horren kontrako pausoak ematen ari gara”.
Herritarren parte hartzeari garrantzi handia ematen dio alkateak, eta harreman hori bermatzeko herri txiki bateko alkatea izatea abantaila bat da Ansotegirentzat. “Norbaitek arazoren bat badauka, kalean gelditu eta bere arazoen berri ematen digu, edo bestela udaletxera etortzea besterik ez dauka. Udal txiki bat gara, eta herritarren eskariak jarraian tramitatu eta behar diren lekura bideratzen ditugu”. Bitarteko horiez gain, herri batzarretan edota batzordeetan ere herritarren iritziak bildu ohi dituzte.
Erralde hiltegiaren itxierarekin arduratuta dago Ansotegi, eskualdeko eta Aulestiko abeltzainentzako oztopo bilakatu baita. Izan ere, Bizkaiko hiltegi bakarra ixtea kezkagarria da Aulestiko alkatearentzat. “Hiltegiaren itxierak izango dituen ondorioen berri inguruko abeltzainek nik baino hobeto ezagutzen dute, baina sektoreak bizi duen garai zail honetan hiltegira joateko Bizkaitik kanpora atera behar izatea kolpe gogorra izan da abeltzainentzat. Orain, gure beldurra oztopo horiei aurre egin ezin izanagatik askok lanbidea uztea da, horrek ekarriko duen guztiarekin”.
Zerbitzuak hobetu beharra
Herri txikia izan arren, zerbitzu eta azpiegituraz ondo hornitutako herria da Aulesti bertako alkatearentzat. “Mediku kontsulta, haurtzaindegia, eskola, kutxa bulegoa, gimnasioa eta botikina ditugu herrian, baita bi denda ere. Hala ere, BBK, botikina eta Bizkaibus zerbitzua hobetu beharra dagoela uste dugu, eta horretan ari gara lanean, gure herria garatzeko eskariak eginez”, azaldu du.
Ekimen eta mugimendu handiko herri gisa definitzen du Ansotegik Aulesti, eta hori herritarrek egiten duten lanari esker lortu dutela dio. Jaietatik aparte, kirol eta kultur arloko ekintza ugari egiten dira, eta hori herritarrak harro sentitzeko modukoa da bertako alkatearentzat. “Zortedunak gara herri txikia izan arren hainbesteko mugimendua duen herri batean bizitzeagatik”.