“Familiaren arima amama den ideia zabaldu da sendietan”

Silvia Carrerak (Bartzelona, Herrialde Katalanak, 1974) coach eta gatazketako bitartekari lanak egiten ditu. Portugaleten, esperientzia berri bati ekin dio: amamak zoriontsu izateko tailer bati. Bost eguneko tailerra egin dute. Carreraren lanaren helburua pertsonak zoriontsu izatea eta bizitza goza dezaten lortzea da.

Besteak zaintzeari buru-belarri ekin arren amamek euren buruak ez dituztela ahaztu behar da ikastaroaren premisa nagusia, ezta?

Bai. Amama izateaz gain emakume direla, pertsona direla jabetu daitezen bideratuta dago tailerra. Bilobak zaindu beharra euren bizitzako atal garrantzitsu bat bada ere, garrantzi bera duten beste alde batzuk ere badaudela erakutsi nahi dugu. Alde horiek indartzen saiatu gara.

Emakumeek barruan daramaten erantzukizun bat al da hori?

Bizi osoan norbait zaintzen ibili diren emakumeen belaunaldia ibili da ikastaroan: seme-alabak zaindu dituzte; gero, gurasoak, edo aita, edo amaginarrebak; eta, horren ostean, bilobak zaintzeari ekin diote. Natural-natural bizi dute lan hori.

Beti ematen ari den belaunaldi bateko emakumeak dira, eta, sarri, eurentzako laguntza eskatzea eta jasotzea ahaztu zaie. Beraz, ondo datorkie eurentzako lekuak aurkitzea, baita bikotekideari eta seme-alabei beste gauza batzuk eskatzeko moduak ere.

Soilik amamentzat prestaturiko ikastaro bat eman duzu, baina aitona askok ere hartzen dute bilobak zaintzeko ardura. Rolak eta inplikazioa, agian, desberdinak dira?

Bai. Dena den, denetarik dago: badaude inplikazio handia duten aitonak, baita oso gutxi dutenak ere. Adinaren araberakoa ere izaten da kontu hori. Erabat desberdina da zelan hartzen duen erantzukizun horri 60 urteko gizon batek eta 80 urteko batek.

Amamak beste inplikatzen diren aitonek eurentzat behar edo nahi duten denbora hartzen dute, beharbada?

Erantzukizun kontua da. Baliteke biak aritzea biloba paseatzen; umeak oka egiten badu, baina, amamak hartuko du haurra garbitzeko ardura. Familiaren arima amama den ideia zabaldu da.

Amamei dagokienez, berriz ere sufritzen dute, seme-alabek etxetik alde egiten dutenean bezala, bakardade sentipen hori?

Bai, sarri gertatzen da, eta ez da batere bidezkoa. Horregatik bilatzen ditugu zoriontasuna eman diezaieketen jarduerak. Zenbaitetan, amamek eurek zaintzen dituzte bilobak ia egun osoan. Bilobak haztean, ordea, ez doaz amama ikustera. Beraz, seme-alabekin pairatu zuten hutsune hori berriz ere sentitzen dute bilobekin.

Zein konponbide planteatzen dituzue egoera horietan?

Tailerra coaching erakoa da. Ni ez naiz amama; beraz, jarraibideak amamek eurek dituzte. Tailerraren bitartez, gogoeta eginarazten diegu, eta helburua da haiek aurkitzea konponbidea. Gaiak planteatzen dizkiet nik, edo galderak egin, eta, azkenean, eurek aurkitzen dituzte irtenbideak. Izan ere, kanpoko inork ezin diezazuke esan zer egin.

Beste era batera komunikatzeko teknikak planteatzen dizkiet, eta zenbait teknika, euren burua beste modu batean ikus dezaten; espazioak zabaltzen dizkiet. Konponbideak, ordea, haiek aurkitzen dituzte. Hausnar eta pentsa dezaten eta hunki daitezen errazten duen bitartekaria naiz ni, haiek izan daitezen euren prozesuko protagonistak.

Zer-nolako erantzuna aurkitu duzu parte hartzaileengandik?

Fenomeno batzuk dira. Tailerrean parte hartzeko izena eman dutenek soslai jakin bat dute; izan ere, bost goiz hartu dituzte zoriontsuago izan daitezen prestatutako tailer honetara etortzeko. Beraz, dagoeneko eginda daukate euren buruarentzako espazio bat hartzeko hautua. Pentsatzen dut egongo direla beste amama batzuk guztiz itota daudenak eta izena eman ere ez dutenak. Erantzuna harritzekoak izan da: edozer egiteko prest agertu dira une oro.

Adibidez?

Esaterako, sentiarazteko zer esan nahi duen biloba zaintzeak —semea edo alaba ez denez—, agindu nien arrautza bat pasatzeko eskutik eskura. Gordinik zegoela uste zuten haiek, baina egosita zegoen. Arrautza apurtzeko beldur ziren. Semeak edo alabak esaten diete: “Hil honetan, umea herrira eramango duzu”. Eta haiei izugarrizko larritasuna sortzen die umeak hanka hausteko arriskuak. Ulertarazi nahi nien arrautzak apurtu egiten direla eta ez dutela kezkatu behar; eta umeak hanka bat hausten badu, hautsi egin duela, eta kito.

Gaur egungo bizi-erritmoaren ondorioz, amamei behar baino lan gehiago ematen al zaie?

Emakumea lan munduan sartu ostean, familiek amamen laguntza eskatu behar izan dute askotan. Batzuetan, amamek ezin dute euren rola bete, bilobak ez dituztelako igandeetan soilik ikusten; aitzitik, egunero egon behar dute haiekin, jaten eman behar diete, jantzi… Eta horrek bai, badauka zerikusia, zenbait gurasok egun osoa ematen dutelako etxetik kanpo lanean.

Etxe barneko eta kanpoko lanak bateratzea gehiago sustatu beharko litzateke?

Nire ustez, hori utopia bat da; egin beharrekoa da, hala ere. Emakumeek eta gizonek, biek parte hartu behar dute, gainera. Izan ere, arazoa ez da emakumeona soilik; etxetik kanpo lan egin behar dugunez, seme-alaben zaintza ez dagokigu guri soilik. Seme-alabak guraso biek hezi behar dituzte, eta amamaren betebeharra amama izatea da: pizza egitea, tortilla gaua antolatzea, eta gozatzea; seme-alabekin gozatu ez zutena gozatzea, hain zuzen.

Zelan bizi dute haiek fase hori?

Esan daiteke bilobak zaintzea zaiela errazena. Beste gauza batzuek kezkatzen dituzte askoz gehiago: heriotza gertu dagoela antzemateak, alargun geratzeak… zahartze hutsak. Segurtasunik eza eta beldur handia sortzen dieten gai asko azaldu dira.

Alargunak direnek euren esperientziak kontatu dituzte?

Bai; tailerra ataletan banatu dugu: batean, amamen rola, seme-alabak eta errain-suhiak; beste batean, bikotekidea eta alarguntasuna; eta, azkenik, autoestimua.

Gogorra izango zen, egun batzuetan.

Gogorra baino gehiago, ederra izan da. Lan hau oso polita da, eta bizitzako ikasgai garrantzitsuak ikasi ditut.

Tailer horren antzeko esperientziarik ezagutzen al zenuten?

Ez. Udaleko Parte Hartze eta Herritartasun Saileko teknikariari otu zitzaion amamentzako zerbait egin behar genuela, eta nik amama zoriontsuen tailerra proposatu nuen. Horrela sortu zen ideia.

Berriz egiteko asmorik bai?

Bai, eta eredu berriak ere proposatu nahi ditut: aldiro, amama gehiagok parte hartzeko tailerrez gain, beste bat egitea aitona zoriontsuentzat. Betidanik lanean ibili dira eta, bat-batean, erretiroa iristen zaie. Bilobak zaintzen dituzte seme-alabak zaindu ez zituzten moduan… Interesgarria izango litzateke.