Elvin Bishopen saioarekin hasi da Getxoko blues jaialdia, bart. Gaur eta bihar ere izango dira kontzertuak. 21:00etan hasiko dituzte emanaldiak, hurrenez hurren, Dana Fuchs abeslariak eta Joe Louis Walker gitarra joleak. Agertokia, beti legez, Algortako Bihotz Alai plazan dago jarrita.
Fuchs New Yorken hasi zen abesten, John Diamond gitarra jotzailearekin. Elkarrekin Dana Fuchs Band taldea sortu zuten eta hiriko blues klub onenetan jo zuten. Besteak beste, John Popper, James Cotton eta Taj Mahal artistekin aritu ziren oholtza gainean. Orduan hasi zen Fuchs sortzaile lanetan ere. Berak sortutako doinuetako batzuk zineman erabili zituzten; adibidez, Across the universe filmean. Rocka, soula eta bluesa nahasten ditu egun. Gaur hirugarren lana aurkeztuko du: Love to Beg.
Bihar, Joe Louis Walkerrek hartuko dio lekukoa. Hainbat Grammy sari eskuratu ditu blues munduan miretsia den musikari horrek. John Lee Hooker, Buddy Miles, Steve Miller eta halako musikari handien ondoan hasi zuen ibilbidea. Bluesa jazzarekin, gospelarekin eta soularekin nahasten du. Gaur eta bihar, gainera, Algortako The Piper’s Irish pubean blues saioak izango dira, 23:00etan hasita, doan.