Alderdiek eta udalek alegazioak egin dizkiote Bizkaibusen antolaera berriari

Hainbat kritika egin dizkiote Bizkaiko Foru Aldundiari Bizkaiko garraio publikoaren proiektu berriaren gidalerroak argitara eman zituenetik. Bizkaibusen ibilbideak eta zerbitzuak berregokitzeko asmoak sortu du zalaparta, batik bat. Joan den ostiralean, proiektuari alegazioak jartzeko epea bukatu zen, eta asteon eskatutako zuzenketen berri eman dute talde politikoek zein udalek.

Asteartean, egitasmoari aurkeztutako 40 alegazioak azaltzeko agerraldia egin zuen Bilduk Bizkaiko Batzar Nagusietan. Koalizioko eledun Fernando Larrinagaren hitzetan, “jarraikortasuna” izan da nagusi Bizkaibuseko zerbitzuen kontsezioa egiteko orduan. “Enpresa pribatuei bideratuta egon dira”, gaineratu du. Larrinagaren hitzetan, enpresa horiek “diru irabaziei baino ez diete begiratzen, eta ez dituzte bizkaitarren mugikortasun beharrak kontutan hartzen”.

Halaber, proiektuak hainbat autobus linea bertan behera uztea kritikatu du Bilduk. Bereziki, hiru ibilbide desagertzearen kontra agertu dira koalizioko bozeramaileak. Udalerri bakar batean ibiltzen diren lineak dira hirurak, eta, legearen arabera, udalei dagokie zerbitzu hori ematea. Santa Marina ospitalea eta Bilbo lotzen dituen lineari dagokionez, Bilduk uste du “osasun zentro baterako garraio zerbitzuak Bizkaiko Foru Aldundiaren eta udalen arteko konpetentzien banaketatik harago” egon beharko lukeela. Horrez gain, koalizioak gogora ekarri du San Juan auzoko 1.500 lagunak Santurtziko erdigunera mugitzeko autobusik gabe geldituko direla. Azkenik, Larrinagak ohartarazi du Barakaldorako autobusa kentzeak Errekatxo auzoan “mugikortasun arazo handiak” sor ditzakeela.

Bestalde, industrialdeetara, institutuetara eta EHUra daozen linean “indartzea” eskatu du. “Berba bitan esateko: jendeak ikastera eta lanera joan behar duen lekuetan zerbitzu gehiago behar dira”. Ildo horretan, Uribe Kostako herriak eta Leioako kanpusa lotuko lituzkeen linearen aldeko mozioak aurkeztu ditu Bilduk eskualdeko udaletan: Sopelako eta Plentziako osoko bilkurek onartu dute dagoeneko.

Bizkaibusen hilabeteko edo urteko bidaia txartelak “bultzatzea” ere proposatu du Bilduk: “Garraio publikoa erablitzeak dirua aurrezteko balio badu, jendeak errazago erabakiko du erabiltzea”. Bukatzeko, Bizkaiko garraio publikoan “agintaritza bakarra” ezartzea ere eskatu du Larrinagak.

Antzeko kexuak

Aralarrek, berriz, zazpi alegazio aurkeztu dizkio proiektuari. Haatik, koalizioaren eta alderdiaren kexuak bat datoz puntu askotan. Hala, Aralarrek ere ordaintze sistema “errotik” aldatzea eskatu du, “txartel bakarra, bonuak eta deskontuak” martxan jarriz. Gainera, industria guneetarako eta EHUrako zerbitzuak “hobetzea” eskatu du, eta kontzesio bakarra ematearen alde agertu da, orain arte egiten diren “eskualdekako kontsezioak baztertuz”. Bizkaiko garraio publikoen koordinazioa “ontzea” eta “Bilboko ikuspegi zentralista baztertzea” ere eskatu du Aralarrek.

Galdakako Udalak, ostera, zortzi alegazio aurkeztu dizkio proiektuari, Ibon Uribe alkateak “proposamena bide eraikitzailetik hobetzeko” aldundiari igorritako gutun baten bitartez.