Zierbena
Abra itsasertzeko uretan barrena murgiltzeko aukera zabaldu dute Zierbenan. Zehazki, uretara sartzerik ez du izango bisitariak, baina erakusketa bat zabalik dago joan den asteaz geroztik, itsas hondoko bizimoduaren berri izatea erraztuko duena: Portuko urak, bizitzaren babesleku dauka izena, eta turismo bulegoan jarri dute.
Nakusrabe elkarteak prestatu du guztia. Portuko itsas aldeko ekosistemen ezaugarri nagusiak erakutsiko dizkiete bisitariei. Antolatzaileek azaldu dute hurbileko ikuspegi bat prestatu dutela horretarako, erraza eta parte hartzeko modukoa.
Uztailaren 16ra arte bisitatu ahalko da erakusketa. Hor, aukera izango da portuko inguruneko eta Kantauri itsasoko eremuetako ekosistema bereizgarriak ikusteko, baita ekosistema horiek osatzen dituzten espezieak ikusteko ere.
Joaten direnei, azalduko diete zer-nolako garrantzia duen itsasoko ekosistemen orekak Lur planetako bizitzaren garapenerako. Horretarako, azalpenak jasoko dituzten panel batzuk aurkituko dituzte bisitariek. Horrez gain, Portuko urak, bizitzaren babesleku dokumentala ere emango dute; Donostiako Nazioarteko Urpeko Zinema Zikloan, saritu egin zuten dokumental hori.
Erakusketa hartuko duen turismo bulego horretan, adinaren arabera antolatutako zenbait jarduera ere prestatu ditu Nakusarbe elkarteak. Belaunaldi berriak itsasoaren garrantziaz jabetzea dute helburu ekitaldi horiek. Eskulanak, era bateko eta besteko adierazpen artistikoak eta bideo emanaldiak atondu dituzte, besteak beste. Etxeko txikienek ingurumena zaintzeko inplikazioaren eta konpromisoaren garrantzia ikastea dute helburu tailer eta jarduera horiek.
Martitzenetik domekara bitartean egongo da zabalik erakusketa. Goizetan, 12:00etatik 14:00etara arte zabalduko dute, eta, arratsaldeetan, 17:00etatik 20:00etara. Astelehenetan, ostera, itxita egongo da.
Erakusketarako sarrera doakoa da. Jardueretan parte hartzeko, telefonoz edo posta elektronikoz eskatu behar da ordua, 665-73 23 98 telefono zenbakian edo info@nakusarbe.com helbide elektronikoan.