“Abisurik ezean, sekulako sarraskia izango zitekeen”

Atzo 75 urte bete ziren hegazkin faxistek Zalla bonbardatu zutenetik. Iosu Gallarreta ikertzaileak hitzaldia egin zuen iluntzean, egun hartakoak gogoratu eta lekukoen testigantzak biltzeko. Informazioa herriko eskolen esku utzi nahi du; DVD bat grabatzeko asmoa ere badu.

Bilbo erorita, zergatik bonbardatu zuten Zalla? Zer interes zeukan?

Euzko Jaurlaritzak Zallan zuen elikagai biltegia jarrita. Hori dela eta, errefuxiaturik gehienak hemen zeuden. Adibidez, Bakioko Udalak hemen egiten zituen osoko bilkurak. Ekainaren 14tik 17ra 1.000 errefuxiatu bildu ziren. Bilbo erori zenetik bonbardaketa egunera arte beste 3.000 etorriko ziren. Zallak ez zuen garrantzia handirik: oso sakabanatuta bizi ziren 4.000 biztanle zituen. Faxistek herritarrak eta errefuxiatuak beldurtu nahi zituzten, Euzko Gudarosteari babesa kentzeko.

Bonbardaketa zelakoa izan zen?

Bederatzi hiru-motorrek egin zuten. Zaintza lanak egiten zituen taldetxo batek Urduña aldetik zetozen hegazkinak ikusi zituen. Telefono linea zuten paper fabrikaraino, eta abisua eman zuten. Sirenak joka hasi zirenean, jendea aterpeetara joan zen. Abisurik izan ez balitz, sekulakoa izan zitekeen sarraskia. Hildakoak 22 inguru izan ziren. Sodupe aldetik etorri ziren, Gueñesen hasi ziren bonbardatzen. Zallan, Arte eta Ofizio Eskola izan zen lehen helburua. Hurrengo, El Corrillo ikastetxea bonbardatu zuten, non gudarien destakamendua zegoen. Eraso hartan bederatzi bat gudari hil ziren. Ostean, herriko kale bakarra bonbardatu zuten.

Noiz sartu ziren frankistak herrira?

Kolitzako guduaren ostean sartu ziren Balmasedan, 29an. Zallan ere egun berean sartu ziren, abuztuaren 13ko udal akordio batek hala dio eta. Agirre lehendakariaren arabera, faxistek eguneko bi kilometro aurreratzen zituzten.

Guda latzak izan al ziren?

Historialariek Bilbo aipatzen dute, eta hortik jauzi egiten dute Santoñara arte. Baina tartean borroka itzelak izan ziren Enkarterrin. Nahiz eta dena galduta egon, jendeak aurre egin zien. Duela gutxi Enkarterriko bertso txapeldunarekin [Aitor Arrutia] egon nintzen, eta esan zidan bere aitona hemen egon zela errefuxiatuta. Txikitan beti esaten ei zion Enkarterriko jendea erdalduna izan arren, euskaldunek baino hobeto defendatu zutela Euskadi.

Enkarterriko beste herri batzuk ere bonbardatu zituzten.

Balmaseda, Artzentales eta Karrantza. Baina horiek ere ez daude ikertuta, eta ez dira agertzen inongo historia liburuan. Balmasedako Kolitza mendiko gudua ere ez du inork aipatzen, hildako mordoa egon zen arren.

Errepresioa zelangoa izan zen?

Paper fabrikako ordezkari sindikal guztiak fusilatu zituzten. Alkatea ere erail nahi izan zuten, baina italiarrek ez zuten baimenik eman. Lekuko batek dio hobi komuna ere badela Bilbato inguruan. Beldurrak gaur egunera arte iraun du.