Ooso azkar mugitu ziren frankistak defentsa hesia puskatu zutenetik. Bizkaiaren aurkako erasoaldia hasi zutenean aurrerapen motela izan arren, ekainaren 12az geroztik, Bilborako gelditzen zitzizkien kilometro apurrak ziztu bizian osatu zituzten. Gerrikoa gaindituta, Enekuritik Santa Marinaraino doazen tontorretara iritsita Bilbo oinpean zuten, astebete eskas beranduago.
Horren jakitun, Euzko Jaurlaritzak zirt edo zarteko erabakiak hartu behar izan zituen, Artxandaren inguruan, gero eta hurbilago, gero eta gogorrago, azken gudaldiak borrokatzen ari ziren uneetan. Izan ere gainditu ezina jotzen zuten defentsa lerroa galdu osteko egunean, Lehendakaritzaren egoitzean, Carlton Hotelean hain zuzen ere, Agirre eta gobernu osoa bildu ziren, egoera larri horren aurrean zer egin zitekeen erabakitzeko. Jaurlaritzaren kontseilariekin batera, Euskal Armadako goi mailako arduradun guztiak —Gamir Ulibarri, Montaud, Jaureghy, Goriev…— elkartu ziren.
Bileraren muina zuzena bezain zaila zen. Zer egin ordurarte Euzkadi autonomoko hiriburu izandakoarekin? Zer egin Bilborekin? Hainbat aukera jarri zituzten mahai gainean. Gorievek eta Montaudek, auzoz auzo, Madrilen aurreko urrian egin zen legez, Bilboren defentsari ekin beharko zela zioten. Hitz batez: Bilbo defenditzea eta lehiatzea posible zela azaldu zuten. Beste batzuek, Lafuentek eta Monnierrek, ezinezkotzat jotzen zuten hori egitea. Buruzagi guzti horien artean, gorena zen Mariano Gamir Ulibarrik zalantzak zituela esan orduko, guztiek ulertu zuten, lehendabizikoekin lerrokatzen zela.
Dena den erabakia halabeharrez hartu behar izan zuten frankistek egindako aurrerapenek behartuta. Bilera hori egin eta biharamunean, Artxandako maldetara lehen brigada frankistak iritsi zirelako, ustezko defentsa lerroa itsasadarraz bestaldera eramatea pentsatu zuten defentsazaleek. Ekainaren 17an, ilunabarrean, Artxanda zanpatu zuten frankistek. Nahiz eta gudarien aldetik hurrengo orduetan berreskuratzeko hainbat saio izan, ordutik aurrerra Bilbo menpe zuten. Hori dela eta, Volantin aldea, Deustu, Begoña, Artxanda galdutzat jota, frankistei Ezkerraldetik aurre egitea proposatu zuten. Baina, ideiak ideia, atzetik zihoazen. Izan ere, beste aldetatik, Malmasinetik, baita Sondikatik eta Barrikatik, matxinoak aurreratzen ari ziren, bilbotarren irtenbide ia guztiak itxiz.
Hori horrela, ordurako Bilbo ebakuatzen zebiltzan. Biztanleria zibila Santander edo Frantziara jotzen ari zen, azken umeen espedizioen bitartez. Euskal gobernuak berak Turtzioz aldera jo zuen, Jesus Maria Leizaolak, Santiago Aznarrek, Juan Astigarribiak eta Mariano Gamirrek osatu zuten Defentsa Batzordea Bilbon bertan lagatuz. Azken horiek kudeatu beharko zuten erretirada ordenatua. Ibaizabal gainean zeuden zubiak lehertarazteaz gain, Larrinagan zeuden milatik gora presoen askapena izan zen egin zuten ekimenik nabarmena. Lehena gerrak eskatzen zuen etsaien aurrerapena oztopatzeko. Bestea, hainbeste preso beraiekin eramatea ezinezkoa zitzaienez, giza legez, egin beharra zegoen. Hobe zuten presoak musu truk askatzea, Paracuellosen antzekorik ekiditeko. Beste auzi logistikomilitarrei dagokienez, ordena nagusitu zen. Bizkaiko Labe Garaiek eta gainontzekoek zutik jarraitu zuten, gerrarako eta bakerako. Agirrek zuen ohiko baikortasunak kutsatuta, Leizaolak esan zuen: “Zertarako suntsitu laster bueltatzekoak baginen?”. 40 urtetako tartea izan zen, frankismoarena, ekainaren 19az geroztik Bilbo aldean indarrean egon zena.