Zaldibar trikiti doinuz beteko dute herriko gazteek, bihar. Soinu txikia eta panderoa izango dira herriko protagonista. Izan ere, bertako trikitilari gazteen ekimenez, I. Trikitixa Eguna ospatuko dute.
Trikitilariek, Gaztelekuak, Gaztetxeak eta udalak egun osorako egitaraua prestatu dute. Herritarrek trikitia ezagut dezaten helburuagaz pentsatutako jaialdia izango da bihar ospatuko dutena. Soinua eta panderoa gazteei ezagutzera ematea da, batez ere, jaialdiaren helburua.
Trikitixa Eguna lehenengoz hartuko badu ere, Zaldibarren ez zaie arraroa irudituko soinu hori nagusi bihurtzea biharkoan. Izan ere, Euskal Herriko Trikitilari Gazteen Txapelketako finala bertan egin ohi dute urtero.
Ekimena sustatu duten gazteek gogora ekarri dute txikienen artean trikitiarekiko interesak nabarmen egin duela behera. Hori dela eta, herria kulturaz aberasteaz gain, musika tresna hori ezagutarazteko eta zabaltzeko helburua dute.
Horretarako, egun osoko egitarau zabala prestatu dute. Goizean emango diete hasiera ekitaldiei. 11:30ean txupina jaurti ostean, trikitiak hartuko du protagonismoa Zaldibarko kaleetan barrena egingo duten kalejirarekin. Soinu eta pandero joleen erakustaldia ere izango da herriko plazan eguerdi aldera. Eta ostean, bazkal aurreko trikipoteoa abiatuko dute.
Paella bazkaltzeko hartuko duten atsedenaldiaren ostean, etxeko gazteenei zuzendutako tailerrak antolatu dituzte. Hain zuzen, 16:00etan emango diete hasiera tailer horiei. Guztiak izango dira trikitiarekin lotutako jarduerak, txikienek musika tresna horri buruzko ezagutza har dezaten.
Trikidantz taldearen erromeriak jai giroa luzatuko du Zaldibarren. Gauean gaztetxean jarraituko du festak.
TRIKITIXA EGUNA
11:30. Txupina jaurtiko dute udaletxeko plazan. Jarraian, kalejira abiatuko da herriko kaleetatik zehar.
12:30. Trikiti emanaldia izango da herriko plazan. Ikuskizuna bukatu ostean, trikipoteoari emango diote hasiera.
14:30. Indarrak berreskuratzeko bazkaria egingo dute udaletxeko plazan.
16:00. Etxeko gaztetxoenentzako tartea iritsiko da: Umeentzako tailerreak antolatu dituzte.
17:30. Erromeriari emango diote hasiera, Trikidantz taldearen eskutik.
Gauean. Jaialdiak gaztetxean izango du jarraipena gauez.