Skate, graffiti eta dantzek hartuko dute Leioa

Hiriko kulturaren topaleku bihurtuko da Leioa gaur eta bihar. Leioa Skate Cul txapelketa lehiatuko da, batetik, gaur arratsaldean. Bestetik, bihar, Urban Eguna ospatuko dute.

Gaurkoa, herriko merkatarien elkarteak Leioako Udalagaz elkarlanean antolatu duen lehiaketa da. Ume eta gazteei zuzendutako skate txapelketak prestatu dituzte. Hainbat opari eta sari banatuko dituztela iragarri dute. Skate jokoen erakustaldiaz gain, DJ Ibairen musika emanaldia izango da.

Horrez gain, patineteak eta txapelak kustomizatzeko tailerra ere egingo dute. Txapelketak 17:00etan hasiko dira, Leioako Skate parkean. Tailerrak, bestalde, Gaztegunean egingo dituzte.

Bestalde, bihar, Leioa Urban Egunean, arratsalde osorako egitaraua prestatu dute. 17:00etan emango diete hasiera ekitaldiei, Leioako Skate parkean. Ordu horretan, graffiti tailerra eta erakustaldia egingo dituzte. Kero arduratuko da lan horretaz. Ordu horretan bertan, DJ Ibairen eskutik, erakustaldia eta tailerra prestatu dituzte.

Ordubete geroago, 18:00etan, breakdance dantza mota lehiaketarako kanporaketak egingo dituzte. DJ Ibai ere bertan izango da.

19:00etan, Hip Hop Freestyle dantza motaren txapelketarako kanporaketak lehiatuko dituzte. DJ Ibai eta Mufasa King Beatbox ere ariko dira.

Dantza saio horien finalak 20:00etan eta 21:00etan izango dira. Lehenengoa, Brakdance modalitateari dagokio eta, bigarrena, Hip Hop Freestyle delakoari. 22:15etan egingo dute sari banaketa.

Irabazleak 300 euro irabaziko ditu dantza mota batean eta bestean. Bigarrenari, 150 euro emango dizkiote.

EGITARAUA

Gaur. 17:00etatik aurrera, Skate parkean: Txikientzako skate txapelketa, skate jokoak, eta musika, DJ Ibairen eskutik, besteak beste. Hainbat sari prestatu dituzte.

Bihar. 17:00etan, graffiti eta DJ tailerra eta erakusketa; 18:00etan, Breackdance txapelketarako kanporaketak eta DJ Ibai; 19:00etan, Hip Hop Freestyle lehiaketarako kanporaketak eta DJ Ibai eta Mufasa King Beatbox. Ostean, finalak.