Sinadurak biltzen ari dira Usansolon, argindar mozketak konpon ditzaten

Usansolo Herria plataformak argindarrarekin duten arazoa salatu eta konponbidea eskatzeko sinadura bilketa hasi du Usansolon (Galdakao). Azken aldian, Galdakaon eta Bedian hainbatetan geratu dira argindarrik barik, elektrizitate konpainiak aurrez halakorik gertatuko zaiela jakinarazi barik. Usansolo Herria plataformak ezagutzera eman duenez, azken argindar mozketa hilonen hasieran sufritu zuten Usansolon, ekainaren 1eko gauerditik ekainaren 2ko arratsaldera arte.

Plataformak ohartarazi du ez dela edozelangoa mozketa hauek eragiten duten kaltea. Besteak beste, herritarrei etxeko eginbeharrak eragozten dizkie, eta saltoki askok ezin izan dute ireki argirik izan ez duten bitartean. Gainera, makina asko matxuratu eta elikagai asko hondatu egin zaizkiela ere ohartarazi dute.

Arazoa ez da kontu berria inguru horretako bizilagunentzat. Urte hasieran sufritu zituzten lehen argindar mozketak. Apirilean bi udalerrietako alkateek, Galdakaoko Ibon Uribek eta Bediako Aitor Sorriketak, gutun bat igorri zioten Iberdrolari azalpen eske. Bi udaletatik ohartarazi dutenez, ibilgailuen joan-etorrian ere eragina izan dute mozketek, N-240 errepide nagusiko semaforoak ere itzali egiten direlako.

Gutuna bidali ostean, bi alkateek Iberdrolako arduradunekin elkartzeko aukera ere izan zuten. Azkenik, gutuna helarazi zien argindar konpainiak, hainbat azalpen emanez. Hasteko, Iberdrolak onartzen die arazo horiek izan direla, baina gutunean dio ez dutela elkarren arteko loturarik. “Otsailaren 8an eta martxoaren 28an bi mozketa izan ditugu, lurpeko kable bat hondatu zitzaigulako, eta, bestetik hainbat matxura izan ditugu, arbolek eragindakoak, larrienak apirilaren 17an eta 23an izan zirelarik”. Zuhaitzekin duten arazoa konpondu eta sarea berrikusteko konpromisoa hartu zuen Iberdrolak. Baina ekainean berriz ere mozketa sufritu dutenez, Usansolon sinadurak biltzea erabaki dute.