Kristoren gorputz eta odol santuen jaiarekin batera, Bizkaiko Caritasek bere eguna ospatu du, eta aprobetxatu du iazko ekitaldiaren balantzea egiteko. Mikel Ruizek zazpi urte bete ditu erakundearen zuzendaritzan. Abuztuan erretiroa hartu aurretik, gogoeta egin du Bizkaiko Hitza-rekin, azken urteetan bizkaitarren premiek izan duten bilakaeraz.
Esan duzu aurkeztu berri dituzuen datuok kezkagarriak direla.
Caritasera datozenen kopuruak gora egin du, %5,6 inguru. Egia da aurreko urteetan igoera hori handiagoa zela, baina joerari eusten zaio. Gainera, egoera horretan daudenek ez dute lortzen konpontzea, eta are okerrago dena: egoera okertu egiten zaie. Gizarte babesa galtzen dute, baita autoestimua, familiako bakea eta hartu-emanak ere. Askok depresioarekin eta bakarrik bukatzen dute. Horiek horrela, noski, datuak oso kezkagarriak dira. Hiru urte daramagu mezu bat zabaltzen: pobrezia handitzen ari da gure artean, bai kopuruan, bai larritasunean, eta kroniko bihurtzen.
Zuen beharra duenaren profila ere aldatu al du krisiak?
Duela hiru urte arte, gehienak baimenik gabeko etorkinak ziren. Gaur egun, ehunekoan behera egin dute nabarmen. Jarraitzen dugu aurretik arreta ematen genien pertsonekin. Garai batean Caritasera etortzen ziren arren gerora egoera normaltzea lortu zutenetako batzuk itzuli zaizkigu. Azkenik, pertsona berriak ere baditugu, sortzez bertokoak.
Eta, gehienbat, emakumeak, ezta?
Bai, atzetik familiaren zama duten emakumeak. Arreta ematen diegunen %60 dira andreak, 35 eta 45 urte artekoak eta seme-alaben kargu direnak. Egia da, hala ere, Caritasek dituen programa batzuetan gizonezkoak nagusi direla. Adibidez, jantokietan eta enplegu programetan, askoz gizon gehiago ditugu andreak baino. Familia pobrezian dagoenean, gizonezkoa behar bila hasten da, eta andreak jotzen du oinarrizko premiak asetzeko laguntza bila: ondorioa hori atera dugu guk. Askotan, gainera, bakarrik dago, banandu berria da, eta baliabide ekonomikorik gabe geratu da.
Umeen pobretasunaz ere ohartarazi duzue.
Emakume horien atzean, ia beti umeak daude. Ama etortzen da guregana, familiaren beharrizan premiazkoenak asetzeko laguntza eske. Baina ume horiek bestelako arazo batzuk ere badituzte; hasi gara horretan arreta jartzen. Umea katebegirik ahulena da. Laguntza psikologikoa behar izaten dute, adibidez. Buruko gaixotasunak ere badituzte, estres egoera horrek eraginda. Janaria banatzerakoan ere, arreta berezia jarri behar da: afaltzen ez duen ume bat larri ibiliko da eskolan.
Egoera normaldu ostean berriz itzuli direnak ere aipatu dituzu. Nor dira?
Gehienak etorkinak dira. Lana zuten, etxea erosi zuten, baina krisiak hankaz gora jarri die dena. Asko ikusi dugu etorkinak hasi zirela lehen bertokoek nahi ez zituzten behar batzuetan, eta, orain, krisiaren eraginez, bertokoak behar horietara itzuli dira, etorkinak beharrik barik utzita. Hori gertatu da, adibidez, kostan, arrantzarekin. Lehorreko lanetan hasita zeuden asko itsasora itzuli dira.
Zazpi urte egin dituzu Caritasen buru. Zenbat aldatu da zuen beharra tarte horretan?
Hiru urteren ondoren, lehen halako hiru dira programa horietan arreta ematen diegun herritarrak: iaz, ia 14.000 izan ziren. Krisiaren aurretik, gizarte babeserako sistema publikoa haziz joan da Euskal Herrian, oro har, eta, bereziki, Bizkaian. Azken legegintzaldia bukatu zenetik, ordea, laguntza horiek gutxitu egin dira, eta daudenak eskuratzeko baldintzak gogortu egin dira. Laguntza jasotzeko eskubidea dutenei %7 txikitu diete laguntza hori, baina beste lanbide batzuetakoei, %3 baino ez. Alegia, gutxiago duenari gehiago kentzen zaio. Babes sistema horrekin, lortu genuen eskean ibiltzea ia desagertzea, baina azkenaldian gero eta eskale gehiago ikusten ari gara.
Eta badirudi laguntza horiek gutxitzen jarraituko dutela. Caritasek hartu beharko ditu bere gain?
Caritasek ezin du hori egin. Dena emanda gaude. Gure aurrekontua lehen halako bi da, laguntzen gaituztenek gehiago ematen digutelako. Baina Caritas, gaur egun, dagoeneko ez da denera iristen. Gainera, arazoa ez da karitatearekin konpontzen, justiziarekin baizik. Konponbidea ez da Caritas. Hemen, gizarte babeserako sistema publiko sendo baten beharra dugu, bermatuko duena herritar guztiek gutxieneko diru sarrera bat izango dutela, denok izan dezagun aukera duintasunez bizitzeko.
Karitatearen apologia moduko bat badago, ordea.
Bai, asko ikusten ari gara azken aldian, adibidez, ekonomatoak itzultzen ari direla, ongintza. Premian daudenei jatekoa eta arropa ematen hasi zaie jendea, haien egoera normaltzen lagundu barik. Egia da prozesu horretan, hasieran, gutxieneko beharrizanak ase beharko zaizkiela, baina egoeratik irteten lagundu behar zaie, bestela betikotu egingo baitzaie.
Programa berririk jarri behar izan al duzue krisia dela eta?
Krisiaren ondorioen aurkako plan berezi bat martxan jarri genuen. Jantokietako lekuak gehitu ditugu, eta enplegua sortzen lagundu dugu. Etxebizitza galdu dutenei ere laguntzen diegu.
Kutxabankekin hitzarmen bat sinatu berri duzue.
Haiek antolatu dute guztia. Ordaintzeko modurik ez dutenei formazio prozesuekin enplegua aurkitzen laguntzeko eskatu digute, eta onartu egin dugu. Bi urte izango lituzkete, eta tarte horretan beharrik lortuko ez balute, Jaurlaritzarekin negoziatuko lukete, eta pertsona horien alokairuaren %95 finantzatuko lukete. Guk bat egiten dugu hasierako prozesu horrekin, baina ez dugu ontzat jotzen azken fase horretan egiteko asmoa dutena. Beste etxe bat alokatzen lagundu ordez, egokiago ikusten dugu aukera ematea haien etxean jarraitzeko.
Zuen aurrekontuak gora egin du.
Baita ekarpena egiten dutenenak ere. Hala ere, aurrekontuak ez du gora egin laguntzaile gehiago ditugulako bakarrik; lehendik laguntzen gintuztenek gehiago laguntzen gaituztelako ere bada.
Caritasen ametsa desagertzea da?
Bai. Edozelan ere, beti egongo da Caritasen beharra, nahiz eta ez izan pobretasun ekonomikoagatik. Elizak, Jesusen aginduz, ingurukoei laguntza emateko zeregina dauka. Bakardadea, gaixotasuna, menpekotasuna… Arazo asko izan daitezke.