“Niretzat, aspergarria zen ikastea, asko kostatzen zitzaidan. Urte batean, nota txarrak atera nituen, eta amak Bilboko Udalak antolatutako Udako Eskoletan izena ematera behartu ninduen. Hasieran, ez nuen joan nahi, eta negar ugari egin nuen hasierako hiru egunetan, baina bizitzan izan ditudan esperientziarik onenen artean dagoela esan dezaket”. Bilboko gazte baten hitzak dira, udalak kultura eta hezkuntza arloan egingo dituen murrizketen harira esandakoak.
Izan ere, Bilboko Udalak bertan behera utzi du 1.999. urtetik orain arte antolatu duen Udako Eskola programa. Egitasmoak Lehen Hezkuntzako azken zikloko eta DBHko ikasleei lagundu die, hezkuntza eta gizarte arloan, matematika ariketak edo ikastolan landutakoa barneratzeko teknika berriak ikasiz, besteak beste.
Erabaki horren aurka protesta egin behar dela erabaki zuten hiriburuko gazte, guraso eta irakasle ugarik. Baita Aitziber Ibaibarriaga Bilduko zinegotziak ere. “Hezkuntza arloan murrizketarik ez”, entzun zitekeen behin eta berriz udaletxe aurreko eskaileretan elkartutakoen artean. Erabakiaren aurka 14.004 sinadura aurkeztu dituzte udalean. Horrez gain, Iñaki Azkuna Bilboko alkateari honako eskari hau egin zioten bildutakoek: kontuan hartzeko sinatu duten 14.004 herritarren hitza.
Programan parte hartzen duten ikasleen guraso eta irakasleek Azkunarekin hitz egin nahi dute, egoera bideratu eta konpontzeko. Hala ere, oraindik ez dute jaso horren inguruko erantzunik. Ibaibarriagak uste du murrizketak jasotzen dituzten eremuak betikoak direla. “Udaletxe honek beti proposatzen ditu eremu berdinean murrizketak: gizarte zerbitzuetan, hain zuzen”. Zinegotziak erantsi du: “Konfiantza karguak murriztea edo soldata txikiagoa jasotzea ez dute planteatzen”. Horregatik, datorren udalbatzan mozio bat aurkeztuko dute.
%83 gutxiago
Udako Eskola ez da izango murrizketa izango duen proiektu bakarra. 2012-2013ko ikasturteko, udalaren giza hezkuntzako programak ere pairatuko du krisiaren eragina, zerbitzua %83 jaitsiko baita. Horren eraginez, bostehun ikasle inguru proiektuko laguntza jasotzeko aukerarik gabe geldituko dira. “Bilboko zentro batzuetan bakarrik ematen da programa, eta askok ez dugu horretarako aukerarik edukiko”, adierazi du guraso batek.
Udalak eman dien azalpenaren arabera, Eusko Jaurlaritzari dagokio hezkuntza kudeatzea. Baina ez dute ulertzen udalak hamahiru urtean babestu duen programari orain lepoa ematea. Haur eta gazteek gauza bakarra nahi dute: urteroko ametsa ez dadila gelditu Bilboko itsasadarrean hondoratuta.